Koronabirusa

3. fasean ere kontuan hartu beharreko Osakidetzaren gomendioak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 12:54

"Deseskalatzean" urrats berri bat eman da gaur; 3. fasean sartu gara. Baina covid19-aren arriskua ez da desagertu. Osakidetzak, garraio zerbitzuak erabiltzerakoan, lantokira joan, erosketak egin edota aisialdi garaian kontuan hartu beharreko gomendio sorta gogorarazi du berriz.

"Normaltasun berria" deitzen dioten horren aurreko azken fasean, hirugarrenean gara jada, baina gogoan izan, koronabirusa ez da desagertu. Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri dituen azken 24 orduotako datuen arabera, PCR bidezko probetan zortzi kasu berri antzeman dira; 1 Araban, 7 Bizkaian. Gipuzkoan bakar bat ere ez. ""Test azkarra" dela eta atzemandako kasuak 3 dira. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete", berri eman dute Jaurlaritzatik.

Azken orduotan, covid19-ak jota beste pertsona bat hil da. Osasun krisialdia hasi zenetik guztira 1.574 pertsona hil dira EAE-n. "Gainera, 18 pertsonak ZIUn jarraitzen dute", Jaurlaritzaren datuen arabera.

Aholku sorta
Prebentzio neurriak hartzen segitzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Segidan duzue Osakidetzaren kartel hauetan, aholku sorta zabala. Maskarak noiz eta nola erabili ditzakegun; nola hartu, nola jantzi, noiz aldatu, zer egoeretan den ezinbestekoa... Gure eguneroko egitekoen artean da erosketak egin edo garraio zerbitzuak erabiltzea. Kasuotan nola jokatu ere hainbat gomendio zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Kasu positibo berriek nabarmen beherantz egin duten honetan, Covid19-aren hedapena nola saihestu ere aholku sorta duzue segidan; eta baita covid19-a izanez gero nola isolatu etxean.