Zumarteko lanetako garabia kentzeko, Txaramunto kalea itxiko dute ekainaren 15ean

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 8a, 15:10

Hala ohartarazi du Usurbilgo Udalak. Zumarte Musika Eskolaren eraikina birgaitu eta handitzeko lanetako garabia kentzeko Txaramunto kalea itxiko dute ekainaren 15ean. Aipatu lanak azken txanpan dira jada.

Ekainaren 15ean Txaramunto kalea itxiko duela iragarri du Usurbilgo Udalak. Kale horretan da birgaitu eta handitze lanetan duten Zumarte Musika Eskolaren egoitzaren atzealdea. Lanok eragingo dute hain zuzen aipatu kalearen itxiera. “Garabi bat erabili dute hainbat hilabetez; kentzeko unea iritsi da, eta datorren astelehenean izango da, hilaren 15ean”. Mugimenduok egin ahal izateko, ibilgailuek ezingo dute ez sartu eta ez atera, datorren astelehenean, 8:00-18:00 artean. “Atarietan oharra jarriko du enpresak, bizilagunak jakinaren gainean egon daitezen”, ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Lanak azken txanpan
Covid19-aren eraginez, konfinamenduaren lehen asteetan eraikuntzaren sektorean izan zen etenaldiak lanen amaiera zertxobait atzeratu dezakeen arren, Zumarte Musika Eskolak 2020-21 ikasturtea eraikin berria estreinatuz hasiko duela aurreikusten du udal gobernu taldeak, maiatza amaierako udalbatzarrean aditzera eman zuenaren arabera.

EAJ-k gai honi buruz eginiko galderari erantzunez, udal gobernu taldetik Lur Etxeberria zinegotziak osteguneko udalbatzar telematikoan adierazi zuenez, Udalak enpresa eraikitzailearekin dituen hartuemanen baitan, "printzipioz irailean bertan (Kale Nagusiko eraikin berrian) klaseak hasteko modua izango dela esan digute".

Lanen amaiera bai, zertxobait atzeratu daitekeela adierazi zuen Etxeberriak. Gogoan izan, covid19-aren eraginez eraikuntza sektorea zenbait asteetan geldirik egon zela konfinamendu hasieran. Tarte horretan galdutako denbora "berreskuratu nahian ari dira baina uztailean zertxobait atzeratuko dira", udal gobernu taldetik zehaztu dutenez. 

Berez, uztailaren 17rako lanak amaitzea adostua du itun baten bidez Udalak enpresa eraikitzailearekin. Lanak atzeratzen diren egun bakoitzeko 10.000 euro ordaindu beharko ditu aipatu enpresak. Covid19-a eragiten ari den atzerapena tarteko ordea, "egoeraren larritasuna ikusita, malgutasunez jokatuko dugu", iragarri zuten udal gobernu taldetik.

Aipatu moduan ordea, lanen amaiera zertxobait atzeratu arren, Zumartek 2020-21 ikasturtea eraikin berrian hasi ahalko duela aurreikusia du Udalak.