EROskopoa

Ekaineko eroskopoa

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 10a, 15:27

Puntapaxeko sorgina bueltan da. Ekaineko iragarpenak ekarri ditu besapean. Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu irudiak.

ARIES

Aurten festa guztiak desberdin ospatu beharko dituzu, baina lasai, aurkituko duzu eta gozatzeko bidea. Hileko aholkua: Ez, Sanjoan sua ezin duzu balkoian egin!

 

TAURUS

Maskarillarekin nazka-nazka eginda bukatuko duzu batzuetan, baina baditu bere abantailak. Hileko aholkua: Diseinuzko batzuk egin eta horrela moda-modan egongo zara!

 

GEMINI

Hondartza dinamikoez gozatzeko garaia izango duzu hauxe. Hileko gomendioa: Kontuz, eguzkiarekin, langostinoak plantxan baino gorriago jarriko zara eta bestela!

 

CANCER

Azkenean zure azukre koxkorrarekin egoteko aukera izango duzu, biba! Hileko aholkua: Babes neurriak hartzea ondo dago, baina maskarillekin muxu ematea gehiegitxo da, ezta?

 

LEO

Arraroa da, baina faltan botatzen duzu etxetik ateratzea ia debekatuta zegoeneko garaia. Dena sinpleagoa zen. Hileko aholkua: Egin doministiku pare bat eta ikusiko duzu nola bidaltzen zaituzten berriro konfinamendura!

 

VIRGO

Bidaiatzeko gogoz zaude aspaldidanik, eta ekaina hilabete egokia izango da horretarako. Hileko aholkua: Puntapax, erriberako ibilbidea, Arratzaingo buelta,... destino zoragarriak dira eta ez dute inoiz hutsik egiten!

 

LIBRA

Lanera bueltatu behar duzu baina seme alabak etxean jarraitzen dute ikasten. Zer egin? Hileko aholkua: Bietako bat; edo umeak lanera ematen dituzu edo nagusia ekartzen duzu etxera!

 

SCORPIUS

Etapa berri bati ekingo diozu hilabete honetan, arrakasta handiarekin. Hileko aholkua: Azken bi hilabeteetan egin dituzun ogi eta bizkotxo pilarekin onena okindegi bat irekitzea izango duzu!

 

SAGITARIUS

Zaila egiten zaizu aspaldian ikusi gabeko lagun eta senideei besarkadak eta muxuak ez ematea.  Hileko aholkua: Zure burua plastifikatzea izango duzu hoberena!

 

CAPRICORNIUS

Koadrilarekin planak berreskuratuko dituzu hilabete honetan, eta izugarri gozatuko duzu. Hileko aholkua: Noizean behin utziezu arnas pixka bat hartzen!

 

AQUARIUS

Terrazetara atera nahi duzu baina oraindik errespetu pixka bat ematen dizu maskarillarik gabe ateratzea. Lasai hartu. Hileko aholkua: Zulo txiki bat egin pajitarentzat eta ez duzu kezkatu behar izango!

 

PISCIS

Normaltasun berria delakoan anormaltasun ugari aurkituko dituzu, baina ez duzu galdu behar pazientzia. Hileko aholkua: Ondo etorriko zaizu yoga egiten hastea: OMMM...