Koronabirusa

Ekainaren 19rako mobilizazioak finkatu ditu EH-ko Eskubide Sozialen Gutunak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 09:14

Ekainaren 19a kalera irtetera deitzen gaitu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, zerbitzu publikoen defentsan, guztiontzako eskubide guztiak aldarrikatu eta aberastasuna banatzea eskatzeko. Manifestazioak deitu dira hiriburuetan, gugandik gertuen Donostian. Baita eskualde mailako mobilizazio bat ere Hernanin.

"Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz" aldarripean, mobilizazio eguna deitu du ekainaren 19rako sindikatu eta eragile anitz biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Kalea berreskuratzera animatzen gaituzte, konfinamendu aurreko "normaltasuna" eta "osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa" atzean utzi eta erabateko norabide aldaketa exijitzera. Bizitzak erdigunean jarri, eta "pertsonak, komunitateak eta planeta babestea" lehenestea. Guztiontzako eskubide guztiak, lana berrantolatzea, babes sozialerako sistema indartzea edota aberastasuna zuzen banatzea aldarrikatzera. Hiriburuetan manifestazioak izango dira; baita Buruntzaldean ere. 

Gipuzkoa eta eskualde mailako mobilizazioak
Hiriburuetan deitu dira mobilizazioak. Gipuzkoakoak Donostian; 11:30etan Alderdi Ederretik eta 18:30etan Bulebarretik. Buruntzaldeko Eskubide Sozialen Kartak ere eskualdeko manifestazioa deitu du datorren ostiralerako, hilak 19, Hernanin. 19:00etan abiatuko da. Deitzaileek egunotan emango dituzte xehetasunak.

7 neurri
1- Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

2- Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

3- Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.

4- 1080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

5- 1200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.

6- Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7- Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.



MANIFESTUA

Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara. Burujabetza bizitzak sostengatzeko lehenik bizitza!

Luzeak egin zaizkigu egunak. Ikusezina den zerbaitek gure egunerokotasuna goitik behera zeharkatu du eta normalitatea hautsi. Dagoeneko gauzak aldatu dira eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu, ordea, guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugulako. Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!

Azken hamarkadetan gobernatzen gaituztenek hartu dituzten neurriak neoliberalak izan dira eta horrek kolapso egoerara eraman gaitu. Sistema kapitalista – heteropatriarkal - arrazista – ekozida - kolonialistak eraman ditu gure bizitzak kolapsora. Banka erreskatatu, zerbitzu publikoetan etengabeko murrizketak egin, lan erreformen bidez soldatapeko lana aseezina den merkatuaren menpe utzi eta beharrezkoak diren lanak ezkutuan mantentzeko politikak egiten dira egunero- egunero gurean.

Krisiak aldaketa garaiak eta aukeren momentuak omen dira. Euskal Herria. XXI. Mendea. Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko. Eredu sozio-produktibo berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen dugu. Ez gara gutxiagorekin konformatuko.

Agiri honekin bat egiten dugunok errealitate berria aldarrikatu nahi dugu. Orain arteko norabidean segitzea jasangarria dela pentsatzea utopia neoliberala da. Bizitzak erdigunera / Bizitza lehenik.

ESKUBIDE GUZTIAK GUZTIONTZAT
Herritar askeak izan nahi dugu. Horretarako guztion eskubide sozialak —osasuna, hezkuntza, elikadura osasuntsua, etxebizitza, kultura— bermatu eta erabakiak hartzeko ahalmena ezinbestekoak zaizkigu. Jendarte demokratikoa; jatorri, arraza, sexu-, genero, hizkuntza eta edozein diskriminazio errotik ezabatuko duena. Instituzioek herritar guztion eskubideak bermatzeko berezko misioa dutela ulertuz, indibidualismoan oinarrituriko eredu batetik praktika kolektibo-komunitarioak sustatuko dituen ereduranzko trantsizioa egin behar dugu, guztionak diren bitartekoak guztion eskura jarriz eta guztiok gure ekarpena eginez.

Pertsonen arteko sareak, harremanak, trukeak, elkar zaintzak indartuz Herri burujabetza ariketa etengabea izango da gurea. Alarma egoeraren baitan hartu diren kontrol neurriak zein estatuaren birzentralizazioaren aurrean, burujabetzak aldarrikatzen ditugu: gure gorputzari buruzko erabakia, gure herriaren etorkizuna, gure proiektu autoeratuak eta gure eredu sozio produktiboa garatzeko ahalmen osoa.

LANA(k) BERRANTOLATU
Bizitzak sostengatzen dituzten lanak aitortu eta banatu behar ditugu, eta langile orori lan baldintza duinak bermatu, egoera administratibo irregularrean daudenenak barne. Produzitzen duguna berraztertu, ekarpen soziala lehenetsi, jakintza hedatu eta lan orduak murriztu behar ditugu. Lana banatu, kalitatezko enplegua sortu, jendarte kontrola bermatu eta lan egiteko bizi baino, bizitzeko lan egin behar dugu. Alternatiba badago eta gure esku dago.

BABES SOZIALERAKO SISTEMA INDARTU. OSASUNA ETA ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTU
Sistema publiko eta komunari balorea eman (jabetza publikoa, eredu partehartzailea), kronifikatu den pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko. Herritarrak babesteko sistema eraginkor, indartsu eta propioa behar dugu, bertatik bertara eraikia dena. Egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen bizi beharrak asetzeko erronka daukagu. Egoera zaurgarrietan dauden kolektiboen bizi-beharrak asetzea erronka izanik, herritar guztiok bizitza duina izateko dugun eskubide helburu beharko luke.

KAPITALAK ORDAINDU DEZALA/ ABERATSEK ORDAIN DEZATELA
Herritarrak ez gaude prest sistema kapitalistak sortu duen krisiaren ondorio kaltegarriak gure bizkar hartzeko. Askoren lanaren etekinetatik gutxi batzuek metatutako aberastasuna modu ekitatiboan banatzeko garaia da. Zor ilegitimorik ez dugu onartuko eta gehien duenak gehien ordain dezan, erreforma fiskal sakonak beharrezkoak izango dira. Instituzioak patronalaren menpe eta kapitalaren bahitu izateari utzi eta herri sektoreon mesedetara jarri behar dira.

Egoera grisa marrazten badigute ere, guk koloretako etorkizuna irudikatzen jarraitu behar dugu, gure urratsak norabidetzeko. Kalean mobilizatuko gara. Une bakoitzean tokian tokiko errealitatea egokitu eta beharrezkoa osasun neurriak arduraz betez. Deialdia lau haizetara zabaldu nahi dugu, lehenik bizitza! Aldarrikatuz.

2020ko maiatza. Euskal Herria