UEU-ren udako 48. ikastaroen baitako Jakin Jardunaldiak

"Pandemiak, distopiak eta mundu berriak" izeneko Jakin Jardunaldiak uztailaren 16an eta 17an

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 13:56

Azkenean bat ez bi eguneko iraupena izango dute -uztailaren 16an hasi eta 17an amaituko dira- UEU-ren 48. udako ikastaroen baitan Usurbilen iragarriak dauden Jakin Jardunaldiek. "Pandemiak, distopiak eta mundu berriak" hartuko dituzte ahotan, UEU-k, Usurbilgo Udalak eta Jakin-ek antolaturiko hitzorduetan parte hartuko dutenek. Aurrez aurreko nahiz online bidezko saioak tartekatuko dituzte. Matrikulazio epea zabaldu eta berehala osatu zen taldea. Izen emateak ordea zabalik segitzen du; itxarote zerrenda osatzen ari dira.

"Honetaz hitz egin beharra zegoen", nabarmendu du Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek, UEU-rekin eta Usurbilgo Udalarekin batera goizean Potxoenean egin duen agerraldian. Hirurek lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, datorren uztailerako prestatu dituzten jardunaldiak aurkeztearekin batera.

Eta hala erabaki dute, 48. udako ikastaroen baitako 2020ko Usurbilgo Jakin Jardunaldietako mintzagaiak "pandemiak, distopiak eta mundu berriak" izatea. Bizi dugun osasun krisialdi honetan, gaurkotasun handiko gaia zalantzarik gabe. "Gure gizarte egituren aldamioak biluzik eta bere kontraesan eta akats guztiekin" agerian geratu baitira antolatzaileen esanetan.

Gai honi helduko diote datorren hilean, nahiz iraganera begira jarrita, aurreko edizioetan ere "gai hautetatik oso urruti ez genbiltzan", Agirrek gaur Potxoenean oroitarazi digunez.

Aurrez aurrekoa izango da lehen jardunaldi eguna, online bidez jarraitzeko aukera egongo da. Bigarrena osorik online bidezkoa izango da; bezperan modalitate honetan parte hartuko dutenek nahiz aurrez aurreko saioetara joandakoek parte hartu ahalko dute.

Aurreko edizioen antzera, datorrenetara ere aditu eta aritu ezberdinak gonbidatu dituzte. Esaterako, agintaritza praktikatzeko moduekin "zer gertatu den gure eskubide eta betebeharrekin"; sozioekologia; zientzia, gaitza eta gizartearen arteko hartuemanak nola elikatzen diren eta zer sorrarazten digun guri; post-egia nola hazi den...

Covid19 garaiotan, gertuko bi esperientzia ere ekarriko dituzte Usurbilgo eta Oreretako alkateen eskutik, bi udalerriok bizi dugun osasun krisialdian herritar zein eragileekin zer eta nola egin duten azaltzeko. 

Jasotakoa partekatzeko eztabaida gune bat irekiko dute. Itxiera ekitaldirako sorpresaren bat egongo dela ere iragarri dute. "Asko ikasiko dugu, asko pentsatu eta eztabaidatu. Eta beti guk esaten dugun moduan, pentsatzea ere ekitea da, ekintza bat da".      

Itxarote zerrendan
Maiatzaren 25ean ireki zuen UEU-k Jakin Jardunaldietarako matrikulatzeko epea. Biharamunean taldea osatu zen, baina ohartarazia dutenez, "izen ematea mantenduko dugu itxaron zerrenda osatzeko". Esteka honetan bideratu dezakezue izen ematea: UEU.

"COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak eta horiei erreparatuko die Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan". Horretarako, zortzi aditu batuko dira uztailaren 16an Usurbilen: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. "Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko".

Antolakuntzak gaineratu duenez, "zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko jardunaldia da honako hau. Pandemia honi eta bere ondorioei diziplina anitzetatik eta ertz desberdinetatik begiratu nahi diegu, politikaren egikaritzatik, iruditeria eta filosofiatik, zaintza eta despatriarkalizazio prozesuetatik, ekologia sozialetik, egia eta egia-ostearen talaiatik, eta baita ere azken lau hilabeteetan berariaz abian jarri diren elkartasun praxi berrietatik.

Izena emateko epea zabalik dago UEUren udako ikastaroen atalean. Hemen: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroak

Egitaraua
Uztailak 16, osteguna
Aurrez aurre (50 plaza) Usurbilen eta, aldi berean, online UEUren Ikasgela Birtualean
09:00-09:30
Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:30-09:55 Ongietorria eta sarrera:
Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria.
Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.
10:00-10:45 ''Izu-urtea: Biopolitika Covid19 birusaren garaian''.  Mario Zubiaga. UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea 'Gure esku' ekimeneko kidea.
10:45 Kafea.
11:05-11:45 ''Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura''. Arantza Etxeberria. (UPV/EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea)
11:45-12:30 ''Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban''. Joseba Azkarraga Etxagibel. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea.
12:30-13:15 ''Egia-ostea ziurgabetasun garaian''.  Irati Zubia. Filosofian lizentziaduna eta EHUko Filosofia saileko doktoregaia.
15:00-15:45 ''Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar''.  Teresa Larruzea, Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatetik.
16:00-17:30 Tailerra: ''Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'':
Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.

Uztailak 17, ostirala
Online, UEUren Ikasgela Birtualean.
10:30-11:00
Sarrera.
11:00-11:40 Ebentoa vs. apokalipsia vs. matxinadak: utopiarik gabeko politikaz". Joseba Gabilondo, Literaturan doktorea, Michigango Unibertsitateko irakaslea.
11:45-12:45 Eztabaidarako tartea.
12:45 Amaiera.

Oharrak:
-Onlineko atalean eduki osagarriak (hitzaldien abstract-ak, irakurgaiak, bideoak...) eta parte hartzeko foroak egongo dira.
-Aurrez aurre parte hartzeko plazak bete zirenez, egun biak online jarraitzeko aukera egongo da (matrikula egitea ezinbestekoa da).

Informazio gehiago: ueu.eus

Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.