Kultur Bira

Sarrerak usurbilkultura.eus atari berrian eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 19a, 17:15

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiaren testuinguruan antolatu den uztaileko Kultur Birako ekitaldietarako sarrerak aurrez eta online eskuratu beharko dira; antolatzaileek gaurko agerraldian aurkeztu duten usurbilkultura.eus atari berrian. Plataforma berri honetan erregistratu beharko dugu, datorren hilabeterako iragarri diren ekitaldietarako lekua hartzeko.

Hemen Kultur Birarako sarrerak eskuratzeko urratsez urrats egin beharrekoa:
1-usurbilkultura.eus webgunera sartu eta erregistratu. Izen abizenak eta NAN zenbakia eman beharko dira.
2-Nahi beste ekitaldietara joateko sarrerak eskatu ahalko ditugu.
3-Aukeratutako ekitaldien artean, norberarentzat lehentasunezkoak diren bi ekitaldi hautatu ahalko dira; zozketa egiterakoan, kontuan hartuko ditu antolakuntzak.
4-Ekitaldia baino 2 egun lehenago gutxienez, mezu elektroniko bat jasoko dugu izena erregistratzerakoan baliatu dugun helbidean, sarrerak egokitu zaizkigun edo ez jakiteko. Sarrerok QR kode bat izango dute. Gailu digital batean eraman ahalko ditugu ekitaldietara, edo inprimatuta.

Usurbildarrek lehentasuna
Herritar ororentzat webgune erabilterraza izatea nahi duten hau, momentuz uztaileko Kultur Birarako sarrerak erosteko baliatzeko jarri dute martxan. Baina etorkizunera begira ere atari bera baliatzea sustatu nahi dute, hitzorduotako txartelak eskuratzeko. 

Kultur Biraren kasuan, Usurbilen erroldatuak dauden herritarrek izango dute lehentasuna. Aforoa bere mugara iristen ez bada, Usurbildik kanpo bizi direnek ere sarreren zozketan parte hartzeko aukera izango dute. 

Antolatzaileek zehaztu eta Kultur Biraren egitarauan ikusi ahalko duzuen moduan, ekitaldi motaren arabera sarrera kopuru ezbedina eskuratu ahalko da; bi sarrera kontzertu, antzezlan edota kirol emanaldien kasuan; haurren emanaldietarako hiru sarrera; ibilaldietarako 10 laguneko taldeak osatu ahalko dira.

Hitzordu bakoitzak finkatua izango duen epe muga baten baitan, izena nahi adina ekitaldietarako eman ahalko da, baina haietako bi lehentasunezko ekitaldi gisara nabarmendu ahalko ditugu. Lehentasunezko ekitaldiok aintzakotzat hartuko ditu antolakuntzak, sarreren banaketa egiterakoan. 

Webgunea baliatzeko laguntza
Herritar guztien parte hartzea bermatu nahi du antolakuntzak. Sarrerak usurbilkultura.eus atariaren bidez eskuratzeko argibideak behar dituenarentzat bi ekimen iragarri ditu antolakuntzak. Batetik, asteburu honetan bertan plataforma berria baliatzeko argibideak eskaintzen dituen bideo tutorial bat plazaratuko dute.

Bestetik, datorren aste hasieran, ekainaren 22an eta 23an web orrialdean izena eman eta aipatu webgunea baliatzen ikasteko saio praktikoak eskainiko dira Potxoenean. Kultur Biraren antolatzaileek laster zehaztuko dituzte hitzorduon ordutegiak.

Ekimenon helburua, "gailu elektronikoak erabiltzera ohituak ez dauden pertsonengana" heltzea da.

Informazio gehiagorako:
943 371 999
usurbilkultura.eus