Euskal Herriko Karta Soziala: "Zerbitzu publikoak defendatu beharra daude"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 20a, 10:46

Eskualde mailako manifestazioa egin zen atzo Hernanin, Euskal Herriko Karta Sozialak deituta. Pentsiodunen, etorkinen eta gazteen ordezkariek hitza hartu zuten manifestazioaren amaieran.

Pandemiak zerbitzu publikoen garrantzia agerian utzi duela adierazi zuen pentsiodunen ordezkariak: “Zerbitzu publikoen berrindartzea premiazkoa da, eta ezin dira esku pribatuetan utzi. Pribatutasunaren bidetik enpresa irabaziak sustatzen baitira. Gizarte mailako desoreka gainditzeko zerbitzu publikoa defendatu beharra dago”.

Ahmer Hernaniko kulturartekotasuna sustatzen duen elkarteak bat egin zuen Karta Sozialarekin. Guztiak gizarte bereko partaide garela adierazi zuen: “Atzerritar Legeak herritarrak bitan banatzen ditu: Batzuei eskubide guztiak aitortzen zaizkie. Besteei, ez. Eskubidea ahalmen modura ulertzen dugu: Jasotzeko ahalmena izatea, ematekoa bezain beste”.

Gazteen izenean, ekimenekin jarraitzeko deia egin zen: “Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ostean gaur izan da lehen taupada. Baina argi eduki Buruntzaldeko herritarrok antolatzen jarraituko dugula helburu horiek errealitate bilakatu arte. Soilik herriak salba dezake herria. Lehenik bizitza!”.

Txalo artean amaitu zen ekitaldia, Hernaniko Gudarien plazan.