Zubietako erraustegia

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du GuraSOSen erregu helegitea

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 21a, 11:52

Erakunde eta auzitegietan bizirik da erraustegiaren gaia, GuraSOSek egunotan aditzera emandakoaren arabera. Madrileraino eta Europaraino heldu da auzia. "Auzi honek hemengo mugak gainditu ditu", adierazi du GuraSOSek. Mugak soilik ez, Gipuzkoatik kanpoko erakundeetara ere hedatu da. "Erraustegiaren eta ingurumen baimenaren gaia agenda instituzionalean sartu da", GuraSOSek adierazi duenez.

Madrilen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du GuraSOSek aurkezturiko erregu errekurtsoa. Kasu honetan auzitan dagoena zera da; erraustegiaren ingurumen baimen bateratuaren aurka GuraSOSek helegiterik aurkezteko ahalmenik ba ote duen edo ez. GuraSOSek argi du baietz; elkarteak esan duenez, "Eusko Legebiltzarrak onarturiko 1998ko Ingurumenaren Euskal Legearen 3.4 artikuluak edozein hiritar edo elkarte errekurtsoak jartzea ahalduntzen du". 

Konstituzionalak GuraSOSen helegitea onartu duenez, "Estatuko Fiskalak gai honi buruzko txosten bat egin behar du". Baita auzi honetara bertaraturiko erakundeek ere; Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, GHK-k eta Gipuzkoako Foru Aldundiak momentuz behintzat bai. Erakundeok "aurkeztu dira Auzitegi Konstituzionalaren aurrean". Erakundeok dira hain zuzen, Euskadiko Ingurumen Legearen aipatu atala Konstituzioaren aurkakotzat aitortzea nahi dutenak. Planteamendu honi "bidea itxi nahi dio" hain zuzen GuraSOSek aurkeztu eta Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu duen helegiteak. 

Helburu argi batekin, GuraSOSen esanetan; "gu gainetik kentzea". Auzitegi Konstituzionalak aipatu legea inkonstituzionaltzat jotzen badu, "GuraSOS auzian paretik kentzea lorteko lukete, eta Euskadiko Auzitegi Gorena ez litzateke sartuko aferaren mamian".

Baina Konstituzionalak erabaki dezake baita GuraSOSen arabera, "ez onartzea" Aldundiaren eta Jaurlaritzaren planteamendua, eta ondorioz, "Euskadiko Auzitegi Gorena gai honen mamira sartzea". Hori gertatuko balitz, GuraSOSek dioenez, "erraustegiaren baimen bateratua legearen aurkakoa dela aitortu eta bai baimena eta proiektua bera (erraustegia) bertan behera geratzeko aukera handiak ikusten ditugu". 

Iraungitze bat baino gehiago
Erraustegiaren baimen bateratuan 2016an eginiko aldaketa jada iraungia dagoela gogorarazia du aldez aurretik. Baina egunotan zehaztu duenez, beste "bi iraungitze gertatu dira". Gehienezko zazpi hilabete eta erdiko erraustegiaren probaldi epea gainditu da, baita erraustegiko eraikitze lanak amaitu eta martxan jartzeko enpresa taldeak zuen 48 hilabeteko epea ere (hau apirilaren 18an amaitu zen). 

Iraungitze hauen haritik ekimen juridiko gehiago iragarri ditu GuraSOSek; besteak beste, finkatutako gehienezko probaldi epea ez betetzeagatik eta "administrazioarekiko auzi-administratibo errekurtso berri bat, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eraginkorra dela deklaratzeagatik".

Ekinbide penala
Ekimen juridiko gehiago; Donostiako epaitegian aurkeztekoak dira asteotan, eraikitze lanen atzerapenaren eraginez erraustegia kudeatzen duen enpresa taldeak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) "30 milioi euro zor diolako. GHK-ri galdegin genion diru hori eskatzea denon dirua delako. Ez zuten hala egin". Ondorioz, GuraSOSek "30 milioi euro horiek denon altxor publikora bueltatzea eskatzen dio".

Bistan denez, GuraSOSen esanetan, "askotariko irregulartasun administratibo eta ekonomiko larriak gertatu direnez eta bi istripu larri (transformagailu nagusiaren leherketa 2019ko ekainaren 11n, eta maiatzaren 9ko Arkaitzerrekako isurketa kimikoa), GuraSOSek ekinbide penala hasiko du Eusko Jaurlaritzako, GHKko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunen balizko erantzukizunak argitze aldera".