Kultur Bira

Kultur Birarako sarrerak online eskuratzeko bideo tutoriala

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 21a, 10:34

Ostiraleko aurkezpenean iragarri zuten moduan, uztailean Usurbilen izango dugun Kultur Birarako sarrerak usurbilkultura.eus ataritik online nola eskuratu ikasteko, albiste honi atxikia duzuen bideoa plazaratu dute antolatzaileek. Gogoan izan baita, aste hasiera honetan (ordua zehazteke) Potxoenean zenbait saio praktiko ere iragarriak dituzte.

Albiste honi atxikia duzuen bideo tutoriala bistaratzen baduzue, urratsez urrats, Kultur Birarako sarrerak usurbilkultura.eus ataritik online nola erreserbatu ditzakezuen ikasi dezakegu.

Lehenbizi, sartu usurbilkultura.eus webgunean. Web orrialdearen goialdean "erregistratu" izeneko atala duzue. Bertan sartuta, zuen datu pertsonalak idatzi; izen abizenak, NAN zenbakia, e-posta helbidea eta ondo gogoan izan beharko duzuen pasahitza. Pribatutasun politiken karratutxoa onartu eta segidan "izena eman" botoian klikatu. 

Gero webguneko "ekitaldiak" atalean sartu, eta bi hautaketa egin behar dituzue; batetik, lehentasunezko bi ekitaldi hautatu behar dituzue, gustukoenak dituzuen bi ekintza alegia. "Hurrengoa" sakatu eta joan nahi duzun gainerako hitzorduak aukeratu. Berriz "hurrengoa" sakatu. Ekintza bakoitzerako izena emateko duzuen epea "ekitaldiak" atalean duzue.

Aukeratutako ekintza bakoitzerako sarrera kopurua ere zehaztu beharra dago. Erreserbak "gorde" ostean, antolakuntzak sarreren zozketa egin arte itxaron beharko da; zozketa eginda baieztapena jasoko duzue erregistratzerakoan eman duzuen e-posta helbidean. 

Usurbildarrek lehentasuna
Herritar ororentzat webgune erabilterraza izatea nahi duten hau, momentuz uztaileko Kultur Birarako sarrerak erosteko baliatzeko jarri dute martxan. Baina etorkizunera begira ere atari bera baliatzea sustatu nahi dute, hitzorduotako txartelak eskuratzeko. 

Kultur Biraren kasuan, Usurbilen erroldatuak dauden herritarrek izango dute lehentasuna. Aforoa bere mugara iristen ez bada, Usurbildik kanpo bizi direnek ere sarreren zozketan parte hartzeko aukera izango dute. 

Antolatzaileek zehaztu eta Kultur Biraren egitarauan ikusi ahalko duzuen moduan, ekitaldi motaren arabera sarrera kopuru ezbedina eskuratu ahalko da; bi sarrera kontzertu, antzezlan edota kirol emanaldien kasuan; haurren emanaldietarako hiru sarrera; ibilaldietarako 10 laguneko taldeak osatu ahalko dira.

Hitzordu bakoitzak finkatua izango duen epe muga baten baitan, izena nahi adina ekitaldietarako eman ahalko da, baina haietako bi lehentasunezko ekitaldi gisara nabarmendu ahalko ditugu. Lehentasunezko ekitaldiok aintzakotzat hartuko ditu antolakuntzak, sarreren banaketa egiterakoan. 

Kultur Bira uztailean
Hementxe dituzue Kultur Birari buruzko xehetasunak: 
Kultur Bira Usurbilen barrena uztailean
Kultur egitarau oparoa uztaila osorako

Informazio gehiagorako:
943 371 999
usurbilkultura.eus

Erlazionatuak

Kultur egitarau oparoa uztaila osorako

Noaua Aldizkaria 2020 eka 19 Usurbil