Udajolasi buruzko lehen guraso bilerak gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 22a, 08:10

Covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokitutako Udajolas izango dugu datorren uztailean. Beharrezko argibide guztien berri emateko guraso bilera sorta bat izango dugu aste hasiera honetan. Bilera bakarra ez, adin tarte ezberdinetako haur eta gaztetxoen ama eta aitei zuzenduriko lau saio antolatu ditugu Sutegin. HH-koen gurasoei zuzendurikoak gaur (ekainak 22).

Bina saio ekainaren 22an eta 23an, Sutegiko auditorioan. Hartu beharko diren prebentzio neurriei, edota Udajolasen dinamikari berari buruzko informazioa eskainiko da. Horrekin batera, gurasoen zalantzak argitzeko tartea ere egongo da. Hemen dituzue antolatu ditugun lau bilera hauen hitzordu zehatzak:

Ekainak 22, astelehena
16:30 HH3 eta HH4
18:00 HH5

Ekainak 23, asteartea
16:30 LH2 eta LH3
18:00 LH1, LH4, LH5 eta LH6

Tokia: Sutegiko auditorioa.
Oharra: bileretara maskara jantzita joatea ezinbestekoa izango da.
Deitzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Udala.


Azkenean bai, prebentzio neurri artean
Zintzilik zegoen azkenean egin ahalko zen edo ez. Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak bizimodua alor guztietan hankaz gora jarri duen honetan, argitzeke zegoen zer gertatuko zen uda parteko aisialdiko ekimenekin. 

Dakizuenez, "deseskalatze" prozesuaren 3. fasean gara iragan aste hasieratik. Fase honetan hainbat ekimen antolatu ahal izatea baimendua dago; tartean udalekuak. 

Testuinguru honetan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas egitea erabaki dugu. Esan beharrik ez da, covid19-ak eragindako egoera berri honetara egokitua egongo dela. Hala egon da hasieratik; gogoan izan, izen ematea online bideratu behar izan dugu aurten. 

Matrikulazio kanpainan adierazi genuen moduan, izen ematea bideratu nahi genuen lehenbizi; eta gero egoerak baimentzen, udalekuak antolatu ahalko ote genituen erabaki. Aipatu moduan, ekimenok egin ahal izatea baimendua dago jada, beti ere bizi dugun ezohiko egoera honetara egokituta, beharrezko prebentzio neurriak hartuta. Halaxe egingo dugu, beti ere, datozen asteetan kontrakorik ez bazaigu adierazten.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dioena
4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua genuen NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen. Maiatzaren 1etik 15era finkatu genuen epearen baitan, HH3-LH6 ikasturte artean ikasten ari ziren 134 haur eta gaztetxok eman zuten izena. 

"Deseskalatze" prozesuaren baitan 3. fasean gara hasieratik. Fase berri honetan besteak beste, udalekuak antolatu ahal izatea baimendu du Eusko Jaurlaritzak. Honela dio hitzez hitz, Eusko Jaurlaritzak 3. fase honi begira plazaraturiko dekretuak, aisialdi ekimenei dagokienean. "Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz".

Bizi dugun osasun krisialdia aintzakotzat hartuta, parte hartzea mugatzea eskatzen du Jaurlaritzak. Jarduerak egiten diren tartean, "parte-hartzaileak gehienez ere 15eko (15 kideko) taldeetan antolatu beharko dira, monitoreak barne". Horrekin batera, "ohiko gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua". Udalekuak "aire zabalean" egiten badira "gehienez 200 parte-hartzaile izango dira", "gune itxietan" antolatzen badira "gehienez 80 parte-hartzaile izango dira". Bi kasuetan, "monitoreak barne".