Ucin-en ke isuriak tarteko, herritarren salaketak helarazi dizkio Anerrekak Udalari

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 22a, 13:45

Hiru urtez Ucin lantegiko teilatutik tratatu gabeko emisioak dituela salatzen egon ostean, urrats berri bat eman du Anerreka Ingurumen Elkarteak. NOAUA!ri aditzera eman dionez, "herritarrek ofizialki ere salaketa jarri dute" eta salaketok Udalaren esku jarri dituzte. Teilatuaren itxierarekin batera, lantegiaren jarduera lizentzia eguneratzea eta eguneraketa horretan Europak gai honetan duen araudia txertatzea eskatzen die Anerrekak Udalari eta Eusko Jaurlaritzari.

Hiru urtez Ucin "enpresaren teilatutik tratamendurik gabeko emisioak ateratzen ez direla berma dezatela eskatzen" aritu ostean, urrats berri bat eman du Anerreka Ingurumen Elkarteak. Beste behin, oraingoan, ekainaren 1ean Ucin-ek teilatutik isuritako ke eta kiratsaren aurrean, herritarrek aurkeztutako 20 salaketa helarazi dizkio Anerrekak Usurbilgo Udalari. Egun hartan izandako isurketa erakusten duen albiste honi atxikitako bideoa grabatu zuten.

"Salaketan, Usurbilgo Udalari, eskudun den aldetik, ofizioz UCIN S.A. enpresari dagokion zehapen-espedientea has dezala eskatzen zaio", ingurumen elkarteak berri eman duenez. 

Isurketak errepikatzen segitzen dutenez, hilaren 19an izandakoagatik "bigarren salaketa-txanda hasi gara egiten". Herritarrak salaketa kanpaina honekin bat egitera animatzen dituzte, anerrekaelkartea@gmail.com helbidera idatzita. 

Teilatuaren itxiera eta 
Anerrekak ezinbestekotzat jotzen du arazo hau konpontzeko, Ucin-ek teilatua ixtea baina baita lantegiari emandako "Sailkatutako Jardueraren Lizentzia" eguneratzea eta eguneraketa horretan, "2020ko ekainaren 13tik Europa mailan indarrean dauden emisio baloreak eta isurien etengabeko jarraipenen baldintzak txertatzea". Horretarako, Usurbilgo Udalari eta Eusko Jaurlaritzari alegazioak aurkeztu dizkiete haien eskumenak erabil ditzaten. 

Anerrekatik gogorarazi dutenez, aldez aurretik bitan "salaketa formala aurkeztu dugu", ingurumen elkartearen esanetan, "Udalak, 2018ko uztailean UCIN S.A. enpresari emandako obra baimenean estalki berriak ITXIAK izango zirela" ezarri arren, "baldintza hau ez delako bete".