EKINEAN

Usoa Zumeta izango da 'Ekinean' ataleko lehen solaskidea

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 24a, 10:56

Aurreko batean iragarri genuen bezala, 'Ekinean' izeneko sail berria lantzen aritu gara azken hilabeteotan. Bideo-elkarrizketa hauen asmoa bikoitza da: Usurbilgo ekintzaileei ahotsa ematea eta euren sormen-guneak ezagutaraztea. Ostiral honetan eskainiko dugu lehen elkarrizketa eta Usoa Zumeta izango da protagonista nagusia.

Covid19 birusak eragin duen pandemiaren erruz, lan batzuk erdizka utzi behar izan genituen. 'Ekinean' saileko atalen emisioa, esate baterako, nahi baino gehiago atzeratu behar izan dugu. Iritsi da ordea, mimo handiz landu ditugun bideo-elkarrizketak plazaratzeko garaia. Lehena ostiral honetan eskainiko dugu hemen, noaua.eus web orrialdean. Usoa Zumeta izango da 'Ekinean' ataleko lehen solaskidea. Eta aurrerantzean, kultur ekintzaile baten berri emango dugu ostiralero.

 

Kultur arloko sortzaileak

Lehen denboraldiak lau atal izango ditu eta kultur arloko sortzaile batzuk izango dira protagonista nagusiak. Ekainaren 26tik aurrera, ostiralero eskainiko dugu atal bat. 

Elkarrizketak NOAUA!ko erredakziotik bideratu ditugu baina bideo-grabazioak eta edizio lanak Luis Jambrinak egin ditu. Eskarmentu handiko profesionala da, telebistan, zineman eta publizitate arloan trebatutakoa. Lan ikusgarria egin du Jambrinak, elkarrizketei ikusentzunezko dokumentalen itxura emanez. 

Lan hau aurrera ateratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dugu.