Xua Gurasoekin Etxera

11 urte espetxean daramaten Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 07:05

Ekaineko azken ostirala gaur (hilak 26). Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan.  Tartean, Aranjuezeko espetxean preso segitzen duten Olatz Lasagaster eta Patxi Uranga herritarrenak. Duela bi urtetik jada kalean behar zuten arren, 11 urte bete berri dituzte espetxean. Hamaika eskubide urraketa pairatzen segitzen dute biek eta haien senideek, Olatzen ama Mari Karmen Anzak NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketa honetan adierazi duenez.

Mari Karmen Anza: “Aranjuezeko espetxeko baldintzak Picassentekoak baino askoz okerragoak dira”
“Oso gogorra izaten ari da”. Hala azaldu digu, egun Aranjuezen izan eta 11 urteko espetxealdia bete berri duen Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anzak, hilabeteotan bizitzen ari direna. Olatz eta Patxi Uranga Aranjuezeko espetxean dira egun, Picassentekoan baino baldintza gogorragoetan. Hori gutxi ez eta koronabirusa tarteko, bisitak etenda dituzte martxoaz geroztik; Xua urtarrilean espetxetik irten zenetik behin baino ezin izan du egon gurasoekin. Gogoan izan, Olatzek eta Patxik duela bi urtetik kalean behar zutela. Jasotako babesagatik esker ona adierazita, ezin garrantzitsuagotzat jotzen du Anzak mobilizatzen segitzea. Gogoan izan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak euskal presoen eskubideen alde hilaren 26rako 20:00etan deitua du elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Olatzek eta Patxik aspaldi kalean behar zuten arren, 11 urte bete dituzte espetxean. Etxeratu aurreko azken “urteurrena” espetxean.
Mari Karmen Anza: 
Gogorra izatea aurreikusten dugun urtea geratzen da. Baldintza oso gogorrak izaten ari dira.

Erietxean haurdunaldiari lotutako proba bat egin ostean, Olatz berrogeialdian izan dute. Zer egoeratan da egun?
Hilabete izan dute isolamenduan. Nolabait esatearren bizimodu “normala” egiten ari da jada espetxean. Arroparik gabe egon dira baita, Picassentetik han zituzten gauzak ez zitzaizkielako iritsi.

Otsaila erdialdera lekuz aldatu zituzten Picassentetik Aranjuezera.
Bai. Patxiri ekainaren 4an heldu zitzaion eta Olatzi astebete beranduago. Arropa paketeak ez zituzten aurkitzen eta ez zegoen Aranjuezera heldu zirenaren konstantziarik ere.

Arroparik gabe nola moldatu dira?
Modu txarrean. Picassentetik kasik jantzitakoarekin eraman zituzten Aranjuezera. Olatzek bi galtza eta lau bat kamiseta izango zituen. Patxik galtza bat eta kamiseta bat. Gauean garbitu eta goizean janzten zuen. Oraindik paketeak espetxera sartu ezinik gaude.

Koronabirusaren eraginez, imajina dezakegunez.
Covid19a tarteko, ezin izan dugu paketerik sartu espetxean, ezin izan dugu bisitarik egin. Postaz edo garraio zerbitzu baten bidez bidaltzeko eskatu dute baina ez diete baimenik eman. Arropa behar dute, urtaroz ere aldatu gara. Behar duten arropa gabe dira. Asteburuan bisitak baimentzen badira ia paketea sartzea ahalbidetzen duten.

Oraindik bisitarik gabe zarete.
Patxik azken bisita martxoaren 15ean izan zuen. Olatz bisita hartara jada ez zen irten.

Ia erabat inkomunikatuak hilabeteotan.
Telefonoz hitz egiten dugu haiekin. Olatzekin hiru bideo dei eta Patxirekin bi izan ditugu. Beraiek ez dute elkarrekin egoterik izan.

Konfinamendu garaia nola bizi izan dute haiek eta zuek?
Oso gogorra izan da haientzat, Xua ikusterik ez baitute izan. Guretzat baita; Xuak egun osoan hartzen baititu ahotan gurasoak. Egun osoan gurasoak ikusi nahi dituela esanez. Berez egoera gogorra da, horri gehitu hiru hilabete eta erdi daramatzagula bisitan joan gabe. Xua Picassentetik irten zenetik ordu eta erdiko bis bakarra izan du gurasoekin.

Bisitarik egin ahalko bazenute, noiz edo nola izatea aurreikusten duzue?
Haurra jaiotzen denerako, Olatzek gu bisitan joatea eskatua du. Agian ospitalean bera ikusten utziko digute. Patxik ospitalera eramateko baimena eskatu du. Baina hara eramaten duten unean egokitu beharko genuke, une berean. Une oro dena airean dago, zer egin ondo jakin gabe bizi gara. Olatz eta Patxi zelda berean egongo zirela saldu ziguten mezu hura, ez da hala izan. Bakoitza leku batean eta modu txarrean bizi da. Aranjuezeko espetxeko baldintzak Picassentekoak baino askoz okerragoak dira. Egiten dituzten eskaerei ez diete erantzun ere egiten. Picassenten hilean ordu eta erdiko familia bisita bat genuen. Gero beraiek elkarren artean lau orduko elkarbizitza bisita bat zuten. Aranjuezen aldiz, hilean ordu eta erdiko familia bisita bat eta bi hilero elkarbizitzako hiru ordu eta erdiko bisita.

Oinarrizko eskubideen murrizketa beste behin.
Xuak 3 urterekin gurasoak ikusterik ez izatea salatzekoa da. Zer gutxiago gu joatea, nik ere alaba ikusi behar dut. Badakigu zein den egungo egoera, baina noizean behin egin daitezke salbuespenak eta baimen bereziak eman.

Covid19-aren eragina nola ari dira bizitzen? Olatz haurdunaldiaren azken txanpan da.
Koronabirusaren gaiarekin lasai ikusten ditut. Ez dute kasurik izan han. Baina orain esan diete berriz, hilabete barrura arte ez dutela elkarrekin komunikatzeko aukerarik izango. Banekien espetxean ezerk ez zuela logikarik, baina orain askoz gutxiago. Olatz ondo dago, haurdunaldia ondo doa. Baina ez du arroparik ezta umea jaiotzen denerako, jaio berriarentzat. Ez du ezer. Nik hemen gauzak prest ditu baina ezin dizkiot bidali. Egiten dituzten eskaerei ezetz esan edo ez diete erantzuten. Ez dakigu bisitak noiz hasi eta nola izango diren.

Beste behin beste zigor erantsi bat baino gehiago.
Zigor erantsi garrantzitsua da. Picassentetik Aranjuezera 80 kilometro gerturatu dituzte, barregarria da. Picassentera (Valentzia) joaten adina denbora behar da. Picassenteko errepidea askoz lasaiagoa da, han gure bizimodua antolatua genuen. Lasai egoteko pisua genuen. Aranjuezera joateko, kanping bateko bungalow batera joan behar dugu, pisu bat alokatzea garestiegia baita.

Bisitak zerotik antolatzen hasi behar izan duzue berriz.
Bai. Eskerrak presoen senideon artean hartueman estua dugun eta elkarri laguntzen diogun, bestela galduta egongo ginen. Ahal dugun moduan moldatzen gara.

Etengabeko ziurgabetasun egoera horretan.
Hori da okerrena. Honela ezin da ezer egin. Xuak esaten didanean gurasoak ikusi nahi dituela bai maitea amonak ere baibaina bitxitoak ez digu uztenjoatenerantzuten diot.

Konfinamendu garaian azken ostiraleko elkarretaratzeak eten dira. Jasotzen duzuen babesagatik, garrantzitsuak izango ziren mobilizazio hauen itzulera ezta?
Asko eskertzen da, babes izugarria da. Izugarri eskertzen dugu denen laguntza eta babesa. Besarkada handi bat denontzat. Hor jarraituko dugu. Olatz eta Patxi irteten direnean berdin. 

Denborak emandako perspektibatik nola oroitzen duzu Xua Gurasoekin Etxera plataformatik bideraturiko lanketa guztia?
Esker onez, jendeak lagundu duen guztiagatik. Badakizu zer sentitzen dudan? Amorrua, hainbeste jendek lan handia egin, hainbeste ahalegindu eta lehen bezala gaudelako azkenean. Ezin duzue irudikatu, pena handia sentitzen dut. Plataforma bat egin dute Bilbon, beste haur baten, Iratiren alde, “Irati gurasoekin Euskal Herrira” izenekoa. Benetan guk baino zorte handiagoa izatea espero dut. Behintzat hemen egindakoak atzetik datozenentzat balio baldin badu, zerbait egingo genuen.

Lehendik ere galdetu izan dizugu. Espetxe politika aldatu daiteke epe motz edo ertainean?
Hala izatea nahiko nuke, izugarrizko gogoa dut, baina ez dut inoiz hala ikusi eta une honetan ere ez dut uste ezer aldatuko denik. Egoerak asko aldatu beharko luke. Guri ez zaigu egokituko, ia atzetik datozenei. Denak etxera etorri eta etxekoekin egon daitezela. Behingoz sufrimendu hau guztia amaitu dadila. Denek urte asko daramate espetxean eta aski da.

Indarrean den legedia aplikatzeaz baino ez gara ari.
Ez dugu gehiago eskatzen. Horrekin nahiko pozik izango ginateke. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Kalera atera eta eskubideok aldarrikatzeak ezinbesteko garrantzia izaten segiko du ezta?
Bai noski, zalantzarik gabe. Gure senideak badakigu irtengo direla, baina barruan segitzen dutenekin, zer gertatuko da haiekin? Gero eta gehiago ahazten da gertatzen ari denaz. Barruan daudenekin zer gertatuko da, haietaz ahaztuko gara eta han utziko ditugu? Pentsatze hutsak hotzikara eragiten dit. Haietako askok espetxealdia bete dute jada eta espetxean segitzen dute. Denon aldetik zerbait jarri dezagun eta elkar errespeta gaitezen. Zoritxarrez, auzi hau segituan konponduko denik ez dut uste. Olatzek eta Patxik 3. gradua eskatua dute. Eskaera batzordetik pasa zen ekainaren 18an, baina ez diete ezer erantzun eta ez dut uste ezer emango dietenik.

3. gradua onartuko balitzaie, horrek zer eragin izango luke?
Kalera irteteko baimena izango lukete. 2021eko ekainaren 19an dute irteera data. Egunak kentzen goaz. Hala pentsatu behar dugu, positiboki. Haurra jaio dadila, dena ondo joan dadila eta elkar ikusi gaitezela.