Koronabirusa

Covid19 garaiko lehen udalbatzar presentziala egin dute

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 11:27

Otsailaz geroztik aurrez aurreko lehen udalbatzarra egin dute ostegun honetan. Garai berrietara egokitu dute udalbatza aretoa, ondoko irudia horren lekuko. 

Otsailean bildu ziren udal ordezkariak osoko bilkura baten bueltan azken aldiz. Covid19-aren eraginez alarma egoera indarrean jarri eta martxoko udalbatzarra bertan behera geratu zen. Apirilekoa eta maiatzekoa telematikoki egin eta Usurbilgo Udalak Youtuben duen "Usurbil Udala" kanalaren bidez zuzenean eskaini zituzten saiook. 

Horregatik albiste honi atxikitako irudia ere historikoa dugu; ekaineko azken ostegunarekin batera egin duten udalbatzarrekoa. Alarma egoera indarrean jarri, "deseskalatze" prozesua igaro eta "normaltasun berria" delakoan gauden garaitik lehen aurrez aurreko osoko bilkuran batu ziren atzo udal ordezkariak. Ikusten duzuen moduan; beharrezko segurtasun neurriak hartzeko, behar besteko distantzia ezarri zuten elkarren artean. Udalbatza aretoan dagoen mahaiari beste lau mahai erantsi behar izan zizkioten, 13 udal ordezkarien arteko gutxieneko segurtasun distantzia bermatzeko. 

Udalbatzarrak irekiak, publikoak diren neurrian, bertaratu nahi dutenentzat ere lekua bermatu beharra zuten. Pleno aretoaren espazioari inoiz baino etekin handiagoa atera zioten bistan denez.

Mozioa, onartu gabe
Atzoko udalbatzarrean, herritar batek elikadura eta energia burujabetzari lotuta aurkeztu zuen mozio bat hartu zuen ahotan udalbatzak. Orain arte egin ez den balorazio tekniko eta politiko bat egitean eskatzen zuen, pleno aretora joandako herritarrak.

Bizi dugun krisialdian herritarrentzat beharrezko eta urgentetzat jotzen zuen testuak lau eskaera biltzen ditu. Usurbilgo "autohornikuntza" gaitasunari buruzko azterketa; Kalezarren energia berriztagarrien egitasmo bat abiatzeko azterketa; herritarrek gaioi buruz proposamenak aurkezteko prozesu parte hartzailea abiaraztea; eta Usurbilgo "batzarrearen" eraketa 3 fasetan (azterketa, eztabaida publikoa eta "herri batzarrea" osatu edo ez erabakitzeko galdeketa), "autogobernu bat izan eta herritarren gehiengoari eragiten dioten erabakiak gutxiengo batek ez hartzeko". 

Mozio hau udalbatzarrean tratatu ahal izateko bozkatzerakoan EAJ tratatzearen aurka agertu zen, aurkezteko moduarekin bat ez zetorrelako. Aurrez bozkatzearen alde agertu ziren udal ordezkari gehienak. Mozioa tratatu zenean, aho batez aurka bozkatu zuen udalbatza osoak. "Batzarrearen" eraketa proposamenaren harira, EAJ-tik adierazi zutenez, "herritarren ordezkariak gara, horri uko egiteko ez gaude". PSE-tik mozioko energia eta elikadura subiranotasunaren ideiarekin bat egin arren, herritarren parte hartzean zer hobeturik egon daitekeela adierazita, udal jardueraren legitimotasuna defendatu zuen Francisco Suarezek, mozioaren aurka bozkatuko zuela iragartzearekin batera.

EHBilduren udal gobernu taldetik ere mozioaren kontra bozkatuko zutela iragarri zuten. Bertan planteatzen diren burujabetza energetikoa eta elikadurarena "bi ildo estrategiko" dira udal gobernu taldearentzat. "Norabide horretan lanean" sakonduko dutela iragarri zuten, Legealdi Planean bilduak dituzten hamarnaka ekimen gauzatuta. Are gehiago orain, dugun osasun krisialdia dela eta. Tokiko ekonomia berraktibatzeko, krisialdi honi aurre egiteko lanean dihardutela zioen alkateak "sektore guztiekin eskuz esku". Historikoki hala egin du Udalak eta baita orain ere Agurtzane Solaberrietaren esanetan: praktikara eramaten segitzen dutela diote herritarrekin "burujabetza partekatua". 

Mozioa aho batez ez onartzea erabaki ostean, egun tristetzat jo zuen testua aurkeztu zuen herritarrak. Botereari eutsi edo erakunde propio baten alde egiterakoan, "boterea hautatu duzue" adierazi zion udalbatzari, "autogobernua ukatuz". Erabaki ez inteligentetzat jo eta zuhurtzia falta egotzi zien udal taldeei. Halere, "beharragatik bada ere eratuko da Batzarrea", iragarri zuen. Foru funtsean izan den murrizketa hori gertatzeko lehen zantzua baino ez dela adierazi zuen. Ekoizpenerako herriak dituen lursailei buruzko informazioa eman arte mozioa hilero aurkeztuko zuela iragarri zuen herritarrak.

Krisialdiaz
NOAUA! bidez covid19 udal bulegoa sortzea proposatu du berriki Usurbilgo PSE-k, dauden laguntzen berri eman eta aholkularitza eskaintzeko herritarrei. "Egoera honi aurre egiteko beste tresna" gisa aurkeztu zien Francisco Suarez zinegotziak aipatu proposamena osteguneko udalbatzarrean, gainerako udal ordezkariei.

Udal gobernu taldetik bulego horren funtzioa betetzen ari direla gogorarazi zuten. Harridura agertu zuten, oposizioko taldeen halako proposamenen berri sarritan lehenbizi NOAUA! bidez izaten dutelako, eta zehazki, proposamen horretan parte hartzeko borondate falta egozten zaielako. "Inori ez zaizue parte hartzea debekatu", adierazi zuen Beñat Larrañaga zinegotziak. PSE-ren jarrera desegokitzat jotzearekin batera, onartezina zela irizten zion bizi dugun krisialdia udal gobernu taldearen aurka jotzeko baliatzea. 

EAJ-tik NOAUA! bidez jakinarazitako eskaera edo proposamen guztiak udaletxean erregistratzearekin batera hedatu izan dituztela adierazi zuen Josune Urkola bozeramaileak. "NOAUA!n argitaraturiko guztiari sarrera eman diogu udaletxean". Udal gobernu taldeari zuzenduriko azken eskaera, krisialdi honetan udalak bideratu dituen oinarrizko laguntzen ingurukoa zen; laguntza hauek ez etetea galdegiten zuen. Eskaera sorpresaz hartu zutela erantzun zioten udal gobernu taldetik, gai honi buruzko azalpen guztiak eman ostean izan baita. "Inor ez da babes gabe geratu", argitu zuen alkateak. Laguntza hauen eskatzaileak izan diren 32 pertsonen egoera kudeatzen segitzen dute gizarte zerbitzuek.