Azken ostirala

3. gradura aldatzeko eskaerak ukatu dizkiete Olatz Lasagabasterri eta Patxi Urangari

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 20:49

2018ko ekainean jada kalean behar zuten arren, 11 urte bete dituzte astearte honetan, egun Aranjuezeko espetxean diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrek. Haien etxeratzea eskatu dute ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Olatzek eta Patxik 3. gradura aldatzeko eginiko eskaerak ukatu zaizkiela salatu dute Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitutako mobilizazioan.

Ekaineko azken ostirala gaur (hilak 26), euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna Euskal Herrian, baita noski Usurbilen ere. Arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan mobilizazioa deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, besteak beste, duela bi urtetik kalean behar zuten arren, 11 urte espetxean bete berri dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea exijitzeko.

Espetxealdiaren hiru laurdena 2018ko ekainean bete zuten arren, aipatu moduan ez dituzte aske utzi. Otsailera arte Valentziako Picassenteko espetxean zeuden, hilabete hartan Madrilgo Aranjuezera lekuz aldatu zituzten. Egunean zehar kalera ateratzea ahalbidetuko liekeen 3. gradura aldatzeko eskaerak egin dituzte Olatzek eta Patxik. "Biek ala biek hirugarren gradura aldatzeko eginak zituzten eskaerak ukatu egin dizkiete beste behin ere", salatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak gaurko mobilizazioan.

Lehen bisita asteburuan
Bada beste aldaketa bat ere; ez zegoen argi noiz hasiko ziren jasotzen lehen bisitak, Aranjuezeko (Madril) espetxean segitzen dute bi herritarrek. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik baieztatu dutenez, "bihar (ekainak 27) izango dute gertuko lagunen lehen bisita, hainbeste hilabeteren ondoren". Era berean, gaineratu dutenez, "senideek espero dute aurrez aurreko bisitak lehenbailehen egiteko aukera izatea, horrela Xua ere ikus dezaten".

Gogoan izan, urtarrilaren 19an hiru urte bete eta une hartan Valentziako Picassenten zituen guraso Olatz eta Patxiregandik bereizi zutenetik, ama eta aita behin baino ezin izan ditu ikusi Xuak, otsaila amaieran hain zuzen. Gero covid19-a tarteko alarma egoera indarrean jarri eta konfinamendua etorri zen. "Hilabete zailak izan dira guztiontzat, eta zer esanik ez, gure presoentzat eta haien senide eta lagunentzat", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik ohartarazi dutenez.

Olatz eta Patxiren kasuan, senide eta lagunen bisitarik gabe izan dira, elkarrekin egon ezinik, beharrezkoa zuten arropa gabe, haurdun den Olatz berrogeialdian isolaturik izan dute...

Lanean segiko dute, "denak etxera itzuli arte"
"Normaltasun berria" deitzen dioten garai honekin gaurko mobilizazioan argi utzi dutenez, "guk ez dugu nahi lehengo normaltasuna berreskuratu, presoei dagokienean behintzat, ezin baitugu normaltzat hartu, ez lehen eta ez orain, urrunketa, larriki gaixo dauden presoen egoera eta salbuespenezko neurri guztiak aktibo mantentzen dituen eszenatokia".

Mobilizatzen eta lanean jarraitzeko asmo argia erakutsi dute. "Deialdi bakoitzean, ekimen bakoitzean, hileko azken ostiral bakoitzean, aurrerapauso bat emateko aukera ikusten dugu eta hor egongo gara, zuekin batera, lanean, borrokan, denak etxera itzuli arte".