Aranzadiren indusketa lanei segida emateko auzolanerako deia Andatzan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 28a, 08:56

Aurreko urteetako indusketa lanei segida emango die Aranzadi zientzia elkarteak uda honetan Andatzan. Lehendik egin izan duten moduan, lanotan parte hartzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Interesdunentzako izen emateko epea zabaldu dute.

Andatzan hasiak dituzten arkeologia lanei segida emango die uda honetan Aranzadi zientzia elkarteak. “Oraingoan, Irigain inguruan 2005. urtean topatu ziren erromatar garaiko aztarnategian sakonduko dute, uztailaren 6tik 17ra bitartean”, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Lanotan parte hartzeko aukera izango da. Interesdunei iquevedo@aranzadi.eus helbidera idaztea eskatu diete.

Lanak hasiak
Aranzadik uda honetan bideratu nahi dituen indusketa lanak aurreko urteetakoen segida izango dira. Andatzaren kasuan bideratu asmo duten ikerketa arkeologikoaren helburua,  “gure lurraldeko Kalkolito eta Brontze Aroa hobeto ezagutzea da, Andatza, Belkoain, Garate eta Zarate mendietan kata eta zundaketen bitartez, guztiak Oria ibaiaren inguruan kokatzen direnak. Orain arte monumentu megalitiko batzuk aurkitu izan dira bertan eta ikerketa honi esker garai eta kronologia desberdinetako zantzu interesgarriak agertzen ari dira, horietako asko historikoak”.