#U12

Eragile politikoak, herritarren bozka eskatzen hasiak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 28a, 12:48

Hauteskunde kanpaina betean gaudela gogorarazten diguten guneak eragile politikoen mezuez betetzen hasiak dira. Uztailaren 12ko EAE-ko Legebiltzarra berritzeko eguna hurbiltzen doan seinale.

Kaxkoan, Zubietan, Santuenean, Atxegalden edota Aginagan kokatuak ditu Usurbilgo Udalak uztailaren 12rako EAE-ko Legebiltzarra berritzeko abian den kanpaina honetan, eragile politikoen mezuentzako panelak. Herritarren bozka eskatzeko mezuez josten hasiak dira.

Mezuak zabaltzeko baliatuko dituzten euskarri edo baliabideen artean dira, ohi bezala, Usurbilgo Udalak udalerriko txoko ezberdinean kokatu dituen panelok. Uztailaren 10era arte erabili ahalko dituzte bozketa hauetara aurkeztu diren eragile politikoek.

Posta bidez bozka daiteke jada
Osasun krisialdiaren testuinguruan ospatuko diren uztailaren 12ko EAE-ko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzea eskatua duzuenok beharrezko dokumentazioa jaso eta bete ahala, gaurtik zabalik dago botoa emateko epea, uztailaren 10eko arratsaldeko 14:00ak arte.

Modu honetan bozkatzeko eskaera Correoseko bulegoan egin ahalko da uztailaren 2a baino lehen. Bulego berean aurkeztu daiteke hauteskundeotarako bozka eta beharrezko dokumentazioa. Gogoan izan, hauteslekuetara joan beharrik izan gabe, bide honetatik botoa ematea errazteko ordutegia zabaldu du Correosek, uztailaren 12ra arte gutxienez:
-Astelehenetik ostiralera: 8:30-14:30.
-Larunbatetan: 9:30-13:00.
-Astearte eta ostegunetan: 18:00-20:00.

Eskaera telematikoki
Baina adi, Correoseko langileen eta herritarren osasuna babeste aldera ere posta bidezko bozka telematikoki eskatu daiteke correos.eus atariaren bidez.

NAN elektronikoa beharko duzu edo baliozko ziurtagiri digital bat. "Zure ordenagailuan AutoFirma instalatua izan beharko duzu", ohartarazi du Correosek. 3 urratsetan bideratu daiteke eskabidea: eskatzen diren datuak bete, modu elektronikoan sinatu eta eskabidea jaitsi. "Hautesle Erroldaren Bulegoak botoa postaz emateko eskubidea onartzen badizu, posta bidezko botoa emateko dokumentazioa helaraziko dizu eskaeran adierazi duzun helbidera".

Dokumentazioa beteta, Correoseko bulegora joan beharrik izan gabe, modalitate honetako bozka postariari emateko aukera izango da gainera. 


HAUTESKUNDEEI BEGIRAKO EGUTEGIA
-Maiatzak 19-uztailak 2: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correoseko bulegoan (atzerrian modu iraunkorrean bizi direnek ekainaren 13ra arte).
-Ekainak 22-uztailak 10 (14:00): posta bidez bozkatzeko aukera.
-Ekainak 26-uztailak 10: hauteskunde kanpaina.
-Uztailak 11: hausnarketa eguna.
-Uztailak 12: hauteskunde eguna.
-Abuztuaren 1a baino lehen: hautetsien izendapena.