Udal-brigadan lan egiteko operarioen lan poltsan izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 29a, 09:43

Konfinamendu aurretik plazaratu zuen Udalak deialdi hau. Eskabideak aurkezteko epea ordea etenda geratu zen. Orain bai, udal-brigadan lan egiteko operarioen lan poltsan izen emateko aukera dute interesdunek, uztailaren 17ra arte.

Covid19-aren eraginez, alarma egoera indarrean jarri bezperatan (martxoaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) argitaraturiko deialdi baten oinarrien forma akats bat zuzendu eta berriz plazaratu zuen Usurbilgo Udalak, ekainaren 25eko GAO-n. “Oposaketa-lehiaketa irekiaren bidez”, Udaleko brigadan lan egiteko operarioen lan-poltsa berria osatzeko deialdiaz ari gara. Ekainaren 26az geroztik izen emateko 15 laneguneko epea zabaldu du Udalak uztailaren 17ra arte. Eskaera orriak Udalaren usurbil.eus atarian eskura daitezke.

Konfinamenduak etendako deialdia
Lanpostuotako eginkizunak, besteak beste honako hauek izango dira: bide publikoen, hiri saneamendu sarearen edota fatxaden garbiketa; esleituriko ibilbideen egoeraren jarraipen lana; igeltseritza lanetan, udal elektrikariari edota iturginari lagundu; atez ateko bilketan hainbat lan osatu; hilerriko lanetan lagundu...

Berez, martxoaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Udalak deialdi honi lotutako oinarriak. Biharamunean ordea, covid19-aren eraginez, alarma egoera indarrean jarri eta eskabideak aurkezteko epea etenda geratu zen.