EROskopoa

Uztaileko EROskopoa

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 08:06

Puntapaxeko sorginak uztaileko iragarpenak igorri dizkigu. Abuztuan atseden hartuko duela esan digu eta irailean itzuliko dela indarberriturik. Uda ona igaro!

ARIES

Festak faltan botako dituzu hilabete honetan, hori dela eta, irudimena landu beharko duzu. Hileko aholkua: Zikiro-jana etxean antolatu!

 

TAURUS

Balkoirik ez duzu eta konfinamendu garaian ezin izan duzu eguzkirik hartu. Hileko aholkua: %100 babeseko eguzkitako krema jarri!

 

GEMINI

Aspertuta zaude kale-ekitaldi ia guztiak bertan behera geratu direlako, beraz, sormena lantzeko garaia izango duzu hauxe. Hileko gomendioa: Udajolasen izena emateko epea pasa da, beraz, beste zerbait pentsatu beharko duzu.

 

CANCER

Moda tendentzia berriak jarriko dituzu martxan maskarillarekin. Hileko aholkua: Marradunak, koloretakoak, mahoizkoak,... beti zoaz dotore!

 

LEO

Kezkatuta zaude martxotik hona kilotxo batzuk hartu dituzulako. Hileko aholkua: Koronabirusak ez al digu ezer erakutsi? Bizi lasai eta disfrutatu bizitzaz!

 

VIRGO

Aurtengo oporrak ez dira izango pentsatzen zenituen bezala, baina sorpresa bat baino gehiago jasoko duzu hain urrutira joan gabe. Hileko aholkua: Usurbilek ez du hondartzarik, baina Arana erreka txoko zoragarria da.

 

LIBRA

Festarik ez baina ekitaldiz beteta dator uztaila zuretzat: kontzertuak, antzerkia, magoak,... Hileko aholkua: Datorren urtean buruhandi bezala atera festetan sinfalta!

 

SCORPIUS

Oraindik errespetu handia diozu koronabirusari eta ez zara ausartzen etxetik gehiegi ateratzen. Hala ere, komeni da harremanak zaintzea. Hileko aholkua: Noizean behin geratu lagunekin terrazan eta eskatu gel hidroalkoholiko katxi bat!

 

SAGITARIUS

Udara honetan maitasuna izango duzu protagonista, beraz, gozatu! Hileko aholkua: Konfinamendua zure azukre koxkorrarengandik urruti pasa baldin baduzu eta batera jarraitzen baduzue, zuena betirako izango da!

 

CAPRICORNIUS

Nahikoa despistatuta ibiliko zara datozen asteetan eta ahalegin berezia egin beharko duzu “normalitate berrira egokitzeko. Hileko aholkua: Maskarilla aurpegian jartzeko da, ez belarritik edo eskutik zintzilik ibiltzeko!

 

AQUARIUS

Uztailean gauza berriak egiteko parada ezin hobea duzu. Hileko aholkua: surfa egiten ikasi,  baratzean hasi, magia ikastaro batean izena eman, zikiroa kozinatu... milaka aukera dituzu aurrean!

 

PISCIS

Festetatik faltan gehien botako duzuna autotxokeak izango dira: adrenalina igoera, batekin eta bestearekin jotzearen zirrara, musika topera,... Hileko aholkua: Lasai, oraindik Igeldoko atrakzio parkea hor duzu eta!