Troia eta Atallu bidegorri baten bidez lotu ote daitezkeen aztertzea eskatu du EAJ-k

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 08:20

Usurbilgo EAJ-PNV alderdiak bi eskaera bideratu ditu aste honetan, udal gobernuak gauzatu ditzan.  “Alde batetik, bidegorri baten bidez Atallu kalearekin konexioa egiteko alternatiben azterlana gauzatzea. Eta bestetik, herriko kaxkoan dagoen usoen izurriteari aurre egitea”.

 

2020ko udal aurrekontuetan onartutako proposamenen artean da EAJk eginiko hauxe: Kaxkotik Zubietara oinezkoentzako eta bizikletentzako  bidegorria eraikitzeko proiektuaren idazketa. Josune Urkola bozeramaile jeltzalearen esanetan, “egun hauetan, Troia parean Eusko Trenbideak  trenbide eremuaren euste-lana egiten ari da. Erreka ondoan betelan bat egiten ari da eta honek Ugaldea poligonoaren atzealdea eta Troiako trenbide pasagunean bukatzen den bidea lotzen ditu”. Oria ibaiaren eskuinaldean zehar, aukera emango luke ibai ertzeko ibilbide baten bidez Atallu, Usurbilgo tren geltokia eta bertan aurreikusita dagoen pasabidearen bidez Kale Nagusiarekin lotzea.

EAJ-PNVko zinegotziak betelanak sortu ditzakeen behin behineko ibilbidearen abantailak azpimarratu nahi ditu, “hala nola, Troian N-634 errepidea gurutzatzea ekiditea”. Gainera, seguruagoa eta osasungarriagoa izango litzateke “trafikoarengandik urrunago dagoen gune batetik igarotzen delako eta erriberarekin lotura hobetzen duelako. Beraz, erregistratu dugun eskaeraren bidez, ibai ertzetik Troiako trenbide pasagunetik hasi eta Ugaldea industrialdearen atzetik igaroaz, Atallu kalearekin egin litezkeen konexioei buruzko  bideragarritasun azterlan bat eta proiektuaren idazketa egitea eskatzen dugu”.

 

Usoen izurriteaz

EAJ-k dioenez, aspalditik jakina da Usurbilgo kaxkoan usoek sortzen dituzten arazoak. "Sortzen dituzten zikinkeriak, batez ere gorotzen bidez, guztiontzat osasun arazo bihurtzeaz gain usurbildarron etxeetan eta gure herriko ondare diren eraikuntza nagusietan (elizan, kanpandorrean, zimeterioan eta abar luze batean) kalte nabariak ari dira egiten". Josune Urkola bozeramaile jeltzaleak jakin badaki "Udalak honen berri baduela eta horregatik ez dugu ulertzen oraindik inolako neurririk hartu gabe egotea” .

Horregatik, EAJ alderdiak udal gobernuari eskatzen dio  "berehala beharrezkoak diren neurriak hartzea izurriteari aurre egiteko. Halaber, kaltetuak izan diren herriko ondarea osatzen duten eraikin eta monumentuak konpontzeko baliabideak jartzea”.

 

Argazkia: EAJ.