Kultur Bira

Zumetaren omeneko txoriak, abiatzear den Kultur Biraren zaindariak

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 1a, 08:55

Sorkuntza eta sortzaileen hegaldia abiatuko da gaur Usurbilen; uztaila osora hedatuko den Kultur Bira. Hilabeteko zikloa, hegaldia Sutegi atarian zintzilikatuak dauden txoriek zainduko dute. Festarik ez dugu aurten, baina maskotarik ez zaigu faltako.

Uztailak 1 ditu gaur. Berez Usurbilgo jaietan murgiltzen hasiak izango ginen, eta bai, ondoko argazki hau atera ahalko genuen. Horregatik izan liteke ezohikoa; herriko festak berta behera geratu arren, Sutegi atariak Santixabelak ospatuko bagenitu bezala girotua baitago. 

Jaietan egin ohi duen erritua bete du aurten ere Jokin Eizagirre herritarrak; festarik egon ez arren, jaietan zaindari lana egingo zukeen maskota sortu du. Sutegi parean hegan dabiltzan txoriak, apirilean zendu zen Jose Luis Zumetaren omenez. 

Festarik ez dugu aurten, baina asteazken honetan bertan Jai Batzordeak eragile anitzekin batera prestatu eta abiatuko den Kultur Bira zainduko digute. Santixabeletan gertatu ohi den moduan festak amaitu arte ez ditu bukatzen maskotak zaindari lanak; aurtengoan gauza bera gertatuko da Kultur Birarekin ere. Uztailaren 31ra arte, hilabete osoan hegan ikusiko dugu txori koadrila Irazu kalean. 

Hori bai, festetan gertatu ohi den moduan, amaieran ez dituzte erreko.