Merkataritza hizpide

Atxega jauregia: “Bonuak oso lagungarriak izan dira”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:13

Ezkontza eta jaunartzerik gabe, galera handiak izan dituzte Atxega jauregian. Asteburu honetarako erreserba asko dituzte. Hein batean, Gertuago kanpainako bonuei esker.

NOAUA! Aste batzuk pasa dira lanera  bueltatu zinetenetik. Nolakoa izan da itzulera?

Emilio Darobat, Atxega jauregia: Jendeak oraindik beldurra du.

 

Terrazan eta tabernan ere jaitsi egin al zaizue lana?

Bai. %40ko errendimenduan ari gara lanean. %60ko jaitsiera izan dugu.

 

Jaiak bertan behera utzi dituzte baina elkartzeko ohitura ez du galdu jendeak. Erreserba gehiago al dituzue astebukaera honetarako?

Bai, igarri dugu gorakada txiki bat. Oso lagungarria izango da guretzat.

 

EMILIO DAROBAT

“Gure perspektibatik, bonu txartelena ekimena ezinhobea da”

 

Kontsumoa sustatzeko asmoz, Usurbilgo Udalak ‘Gertuago’ izeneko kanpaina jarri zuen martxan. Bonu bakoitzaren %80a herritarrak ordaintzen du, eta beste %20a Udalak. Zuek ere hartu duzue parte, ezta?

Bai. Oso ekimen ederra da. Pandemia hasi zenetik, inork ez du hona deitu ea zer moduz gauden galdetzeko. Udaletxetik bai, hasieratik ea nola geunden jakiteko interesa agertu dute. Eta gainera bonuen salmenta jarri dute martxan. Oso eskertuta gaude.

 

Beraz, bonuei esker jende gehiago etorri zaizue.

Aste honetako gorakada uste dut bonu sistemari esker izan dela. Bonu bat saldu orduko, guri mezu bat iristen zaigu eta aste honetan posta elektroniko asko jaso ditugu bonuen kontura. Oso pozik gaude ideia honekin. Gure perspektibatik, ekimena ezinhobea da.

 

Ezkontza edota jaunartze asko egiten dituzue Atxegan. Horrelako ospakizun asko bertan behera utzi dituzte. Igarriko zenuten, ezta?

Noski igarri dugula. Gure lan esparru garrantzitsuena hori da, ezkontzak eta jaunartzeak. Baina birusak beldur handia eragin du. Ezkongaiek esan izan digute, “aiton-amonek ezin badute etorri, ez dugu ezkontzarik ospatu nahi”. Eta normala da. Ezkontza gehienak datorren urtera arte atzeratu dituzte.