Merkataritza hizpide

Patri jatetxea: “Astebukaeratan juntatzen da jendea hemen”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:16

Jairik ez dagoen arren, egunotan "igual-igual egingo dut lan. Taldeak gutxitu egin dira baina horiei eman behar zaie", azaldu digu Iban Salsamendik. Aurten, lehen aldiz, San Inazio egunean zabalik izango da Patri, eta baita abuztuaren 1ean eta 2an ere. Jatetxea itxiko dute gero eta abuztuaren 28an irekiko dute berriro.

NOAUA! Denbora asko egin duzue jatetxea itxita, ezta?

Iban Salsamendi, Patri jatetxea: Bi hilabete t´erdi. Ekainaren hasieran bueltatu ginen lanera.

 

Zer moduz joan zaizue konfinamendu garaia?

Ondo! Kar, kar, kar.

 

Ondo?

Behingoagatik denbora izan dugu guretzako. Umeekin eta egoteko, nik behintzat disfrutatu egin dut. Erritmoa jaitsi beharra zegoen.

 

Ziurtasun gutxiko garaia izan da ordea.

Luzeago joko zuela pentsatzen nuen nik. Baina lanean gara berriro. Ea zer gertatzen den. Orion brote bat dago orain...

IBAN SALSAMENDI

“Hasierako boom-a pasa da. Ateratzeko antsietate hori pasa da eta normalduz joan da egoera”

 

Beldurrez bizi duzu Oriokoa?

Beldurra baino, denak etxera joan beharko dugu berriz ere?

 

Giroa nahasi samarra da oraindik.

Bai. Dena airean dagoela dirudi.

 

Lanik izan al duzue asteotan?

Ondo hasi ginen. Astean zehar suabe, astebukaeratan juntatzen da jendea hemen.

 

Santixabel jaietako egunetan jendeak batzeko ohiturari eutsiko diola dirudi, ezta?

Nik igual-igual egingo dut lan. Taldeak gutxitu egin dira baina horiei eman behar zaie.

 

Herrian bertan kontsumitzeko kanpaina bat jarri berri da martxan: ‘Gertuago’. Zuek ez duzue parte hartu. Zergatik?

Ez, azkenean ez dugu parte hartu. “Jaleo” gehiegi zen guretzat. 50 euroko bale batekin etortzen bazara eta ez baduzu hori dena gastatzen dirua bueltatu beharko dizut... Ez nuen garbi ikusi.

Egitasmoarekin ados nago hala ere, eta Udalaren aldetik kanpaina ona iruditu zait.