Merkataritza hizpide

Olarrondo: “Etortzen direnek terraza estimatzen dute”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:24

“Ezkontza asko egiten dira hemen”, adierazi digu Liernik. Pandemiaren eraginez ordea, aurtengo ospakizun denak “pikutara joan dira”. Galerari aurre egiteko, astebukaeratan taberna eta terraza zabaldu dituzte berriro.

NOAUA! Jatetxea martxoan itxi behar izan zenuten. Noiz zabaldu zenuten berriro?

Lierni, Olarrondo: Maiatza amaieran.

 

Garai zaila pasa al duzue?

Oso zaila. Ezkontza asko egiten dira hemen. Eta denak pikutara joan dira. Batzuk atzeratu egin dira, baina beste batzuk ezeztatu egin dira.

 

Galera handiak orduan.

Kristorenak. Ezkontzak, zelebrazioak, bataioak, urrezko zein zilarrezko ezteiak, lehengusu bazkariak... Talde handiko otorduak dira hemen nagusi eta horrelakoak ezeztatu egin dira. Orain, ahal dugun bezala birmoldatu, gauzak aldatu eta aurrera egin behar.

LIERNI, OLARRONDO

Ostiral, larunbat eta igandeetan taberna irekita dago 21:00ak arte.

Errazioak eta kaxuelak jarri ditugu pikatzeko”

 

Nola birmoldatu duzue jatetxea?

Hil honetan hasiko gara taberna berriro irekitzen. Egunez zabalduko dugu. Orain arte itxita izaten genuen, ezkontzak zeudelako. Baina orain ostiral, larunbat eta igandez taberna irekita egongo da 21:00ak arte. Errazioak eta kaxuelak jarri ditugu pikatzeko. Instalazio denak aprobetxatu beharra daude.

 

Maiatza amaieran zabaldu zenuten jatetxea. Nola joan dira gauzak aste hauetan?

Batzuk etortzeko desiratzen daude eta beste batzuk aldiz, beldurrez. Eta etortzen direnek estimatzen dute terraza. Tokia hartzeko deitzen dutenean, “niri jarri terrazan eh?” eskatzen digute.

 

Terraza handia eta ederra duzue. Kanpotik ere bezero asko datozkizue, ezta?

Donostialdetik eta Goierritik bereziki. Tolosaldetik eta Goizueta aldetik ere bai. Ezkontza asko ere kanpokoak izaten ditugu. Goierri aldetik jende pila bat etortzen da.

 

Duela aste batzuk bonuen salmenta jarri zen martxan. Zer iruditu zaizu udal ekimena?

Ez nintzen kanpaina horretan sartu. Baina ideia oso ona iruditzen zait.