Kultur Bira

Txistulariek gogorarazi digute gaurkoa Santixabel eguna dela

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 11:41

Gezurra dirudien arren bai, uztailak 2 ditu, eta festa girorik ez dugun arren, jai eguna da gaur Usurbilen. "Ohiko" bizimoduan murgilduak egongo bagina, ospakizun ekitaldietan izango ginen. Aurtengoari dagokionean ordea, Santixabel Egunaren arrasto bakarretakoa bildu dugu lerrootan; hutsik egin gabe urteroko ohiturari eutsiz, kalejiran irten dira herriko txistulariak.

Jairik ez baina esnadeirik ez zaigu falta izan, bizi dugun ezohiko bizimodu honetan egokitu den aurtengo Santixabel Egunean. Gezurra badirudi ere uztailak 2 ditu; Usurbilen udalerri mailako jai eguna. Ospakizun ekitaldietan murgilduak izango ginen covid19-a gure artera heldu izan ez balitz, baina osasun krisialdiak bertan behera utziarazi ditu aurtengo festak. Egungo testuingurura egokituta eta prebentzio neurriak hartuta ospatuko den Kultur Birak gogoraraziko digu, uztailaren 1etik 5era izatekoak genituen jaiak.

Eta txistulariek. Goizean herri erdigunean barrena egin duten kalejirak Usurbilgo jai egun nagusian garela oroitarazi digute. Koadrodun zapiak lepoaren bueltan jantzita, txapelak buruan, gogotsu esnatu dute goizeko lehen orduak euri tanta artean egin dituen herria. Konfinamendu garaian hartuemanetarako ezinbesteko guneetan bilakatu ziren balkoitik segi diete herritar batek baino gehiagok etxe paretik igarotzen ari ziren txistulariak. Txalo artean hartu ditu batek baino gehiagok.