Kultur Bira

Herri sormena, Kultur Bira abiatzen lehena

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 14:06

Etxetik eta etxekoekin hasi zen asteazken arratsaldean abiatu zuten jira eta bira, herri eragile anitzek estreinatu berri dugun hilabete honetarako antolaturiko kultur zikloa. Euriak azken orduan eskenatoki aldaketak eragin bazituen ere, aterpean, giro goxo askoan, eta garai ezberdin honek eskatzen duen moduan ospatu ahal izan ziren Herriko Artixta Taldekoen saioak. 

Sortzaileen herria dugu Usurbil; askotan esan izan da, baina atzoko ahaleginak are ageriagoan utzi du garai zailetan ere, unean uneko egoerara egokitu eta arte diziplina ezberdinez publikoa gozarazteko duten trebetasuna.

Udalerri txikia izateko gainera artixta koadrila handi askoa du Usurbilek. Pentsa, baten faltan aldi berean, ordu berean, baina leku ezberdinetan hiru emanaldi eder askoak eskaini zituzten herriko artixtek. Euria tarteko eskenatokiz aldatu behar izan zituen hitzorduok; Atxegaldeko jaietako plazan egitekoa zutena, Udarregi Ikastolako erdiko aretora lekuz aldatu zuten, Bizkarreko skate parkekoa Santuenean egokitu duten karpa azpira. Txokoaldekoa, aurreikusi moduan, Erroizpe elkarte atarian egin zuten.

Herri sormena igo zuten oholtzara. Santuenean esaterako, Ixabel Agirresaroberen kontaketa saioaz gozatu ahal izan zuten. Konfinamendu garaian egin bezala, Kale Nagusian bizi diren zenbait artixtek kontzertua eskaini zuten. Udarregi Ikastolako saioan, Larrian Gozo nahiz The Hastelen´s taldeko kideak ikusi genituen erritmo biziak eskaintzen. Bertaraturikoak liluratu zituen Jon Imanol Etxabe Telleriaren opera doinuek.´¨

Txokoaldeko saioan, Pako Agudok, Unai Muñoak, Ttipika taldeko kideek edota Alkorta anaiek parte hartu zuten.