Kultur Bira

Kultur Bira, ezohiko garai honetako antolakuntza molde berrien erakusleiho

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 2a, 13:58

Abiatu berri den Usurbilgo Kultur Bira prebentzio neurri zorrotzen artean ospatzen ari da udalerri hau. Horren erakusle ekitaldien sarbideetan nahiz hitzorduak ospatzen ari diren guneetan antolakuntza egiten ari den kudeaketa lana.

"Hau guztia antolatzen lan handia egon da, jende askok ordu asko pasa ditu eta orain falta dena da norbanakoak ere ardura hori partekatu eta ekintzak aurrera ateratzen laguntzea", hortxe Kultur Biraren antolakuntzak ziklo honen asteazkeneko hasiera ekitaldian aditzera emandakoa, herriko artixten emanaldiez gozatzera joandakoei. 

Bizi dugun osasun krisialdian, kolektiboari eragin diezaiokeen norbanokoon ardura egoki gure gain hartzearen garrantziaz ohartarazi zuten. Aipatu beharra dago, artixten emanaldietara joandako herritarrek zorrotz bete zituztela prebentzio neurriak. Santueneko karpa gunean ospatu zen emanaldia aipa daiteke adibide moduan. 

Emanaldiotarako izena online eman eta antolakuntzak eginiko zozketan sarrerak egokitu zaizkienei, ezinbestekoa dute maskara eramatea. Hala izan zen Kultur Biraren hasieran; ilaran zain egon ostean, boluntario lanetan laguntzen ari zen herritar taldeak ezarritako bi  lerroetatik igaro beharra zegoen. Lehenengoan, sarrerak egiaztatzeko, bigarrenean eskuetan gel desinfektatzailea emateko.

Bi urratsok egoki emanda, ekitaldi gunera sartu eta bakoitzak antolakuntzak ezarritako eserlekua hartu behar zuen. Eserleku bakoitza besteengandik gutxieneko segurtasun distantziara kokatzen du antolakuntzak. Bizi dugun ezohiko egoeraren adierazle argia, Santueneko karpagunean bizi izandako bitxikeria; bertaraturikoak artixten emanaldiaz gozatzeko eseri ziren, maskara kendu gabe, nahiz pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatua zegoen. Antolakuntzak maskarak kendu zitzaketela iradokie zien bertaraturikoei. Txalo eta irri artean jaso zuten proposamena.

Aulkiak ez mugitu
Emanaldiok amaituta, aurrerantzean kontuan hartu beharko dugun beste xehetasun bat; eserita egon garen aulkiak dauden lekuan utzi, ez mugitu. Halakoetan borondaterik onenarekin aulkiak biltzen laguntzera ohitua egon daiteke bat baino gehiago. Baina osasun krisialdi honetan hartu beharreko beste prebentzio neurrietako bat izango da horixe; aulkiak zeuden lekuan uztea. Antolakuntzak kudeatuko ditu bilketa lanak.

Dagoeneko esan beharrik izango ez den arren, covid19-ari lotutako sintomaren bat izan edo susmoa izan dezakeenari, Kultur Birarako sarrerak izan arren etxean geratzea eskatzen zaio.