Kultur Bira

Bertsolariek agurtuko dute gaur, Mihisek, Ezpalak eta Joseba Tapiak hasitako Kiroldegiko zikloa

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 4a, 10:33

Ane Labaka, Amets Arzallus, Miren Amuriza eta Unai Gaztelumendi igoko dira Oiardo Kiroldegiko oholtza gainera gaur arratsaldeko 20:00etan. Amaia Agirre ariko da gai-jartzaile lanetan. Hitzordu honekin amaituko dira Usurbilgo Kultur Biraren baitan Oiardo Kiroldegian iragarriak zeuden ekitaldiak.

Antton Aranburuk, Beñat Urteagak eta Mikel Olasagastik osaturiko Mihise talde berriak bere Kronik@ lehen diskoko abestiak plazaratu zituen ostegun gauean Oiardo Kiroldegian. Ezpalak taldekoak izan zituzten bidelagun. Bart Joseba Tapia eta talde kideek eskainitako gaualdiaz gozatu ahal izan zuten Kiroldegira joandakoek. 

Usurbilgo Kultur Biraren baitan Oiardon iragarritako ekitaldi zikloa larunbat honetan borobilduko dute; 20:00etan hasiko den bertso saioarekin. Ane Labakak, Amets Arzallusek, Miren Amurizak eta Unai Gaztelumendik parte hartuko dute hitzorduan. Amaia Agirre ariko da gai-jartzaile lanetan.