Etxealdiako zubia konpontzera doaz

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 6a, 09:04

Zubiaren egitura eta zoladura konponduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Udalak ohartarazi moduan, aspaldidanik bideraturiko eskaera gauzatuko da lanokin. Lehenengo bi asteetan bertatik igarotzeko aukera izango da, baina hurrengo lau asteetan pasabide hau itxita egongo da.

Usurbilgo Udalak berri eman duenez, astelehen honetatik bertatik konpontzen hastekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia Etxealdiako zubia. Lanok burutzeko sei bat aste beharko dituzte. Eta adi; lehen bi aste hauetan bertatik igarotzeko aukera izango da. Hurrengo lau asteetan aldiz, N-634 errepidea zeharkatzen duen pasabidea itxita egongo da.

Udalak lehen hamabostaldi honi begira ohartarazi duenez, "lehenengo bi asteetan bertatik pasatzeko aukera izango da (trabaren batekin ziur aski, eskilarak edo aldapa konpondu bitartean, bata edo bestea erabili beharko dute), eta gainerako lau asteetan, berriz, itxi egin beharko dute pasarela konpontzeko".

Aspaldiko eskaera gauzatze bidean dela jakinarazi dute. "Hainbatetan eskatu izan dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Etxealdiako zubia konpontzeko, eta, azkenik, astelehenean ekingo die lanei". Egitura eta zoladura konponduko dituzte.