KzGunea zabalik, aurrez hitzordua eskatu behar da

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 7a, 10:09

Konfinamendua hasterako itxi behar izan zuten Kzgunea zabalik da berriz. Bertaratzeko ordea aurrez hitzordua eskatu beharko da, Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

Alarma egoera indarrean jarri zenetik itxita egon da lau hilabeteotan Usurbilgo KzGunea. Astelehen honetan zabaldu dute, baina hainbat udal zerbitzuen kasuan bezala, osasun krisialdi honetara egokitu dute irekiera. Bertara joan aurretik hitzordua eskatu beharra dago aldez aurretik, 945 016 100 telefono zenbakira hain zuzen. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, dei horretan "kudeaketa zentro orokorreko langileek jakinaraziko dizkiete irizpideak erabiltzaileei". 

Ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea, "eta denbora muga izango dute, zerbitzuaren arabera", Udalak zehaztu duenez. Nabigatzeko 20 minutu eta tutoretza zerbitzuak 30 minutukoak izango dira. "Dokumenturen bat sinatu beharko balu erabiltzaileren batek, bere boligrafo propioa eraman beharko du etxetik. Tramitazioak (BakQ, Metaposta), aurrez aurreko tutoretzak, nabigazioa eta informazio orokorra (IT Txartela, Lanbide, Alokabide...) kontsultatzeko aukera izango da", Udalak ohartarazi duenez.

Ordutegia ere zehaztua dute; uztailean 09:00etatik 13:00etara irekiko dute.

Bideo deien bidezko formakuntza
Konfinamenduak ez du eten KzGunearen jarduna. Hilabeteotan formazio telematikoa eskaintzen segi du. Aurrez aurreko formakuntza saioak eten arren, "KzGuneak herritar guztien formakuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du". Egoera berri honetan telematikoki saioak eskaintzen segi asmo du, "zuzeneko prestakuntza, bideokonferentziaren bidez, hezitzaileen aldetik, eta 4 pertsonatik 6ra bitarteko talde txikiekin".

Interesdunek inprimakia bete beharko dute. "Horren bidez, beren informazio pertsonala eta harremanetarako informazioa eman beharko dute, baita euren ordutegi eta lehentasunezko hizkuntzaren inguruko informazioa ere, zein ikastaro egin nahi duten zehaztearekin batera". 

Izen emateko inprimakia osatu eta bidali ostean, "KZgunean talde horiek osatzeaz arduratuko gara, ordutegi eta lehentasunezko hizkuntza kontuan hartuta, eta ikastaroaren hasierari buruzko informazioa emango dugu".

Informazio gehiagorako:
kzc@kzgunea.net
945 016 100
kzgunea.eus