Pikaolako bidegorriaren erdian dagoen zutoina kentzeko eskaria egin du EAJk

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 08:49

Josune Urkola EAJko bozeramailearen esanetan, “ezin dugu sinetsi bidegorri berriaren erdian Iberdrolako zutoin bat bertan uztea”.  EAJren ustez, “Udalak  etsenplu eman beharrean arduragabekeria osoz gauzatu du obra".

Alderdi jeltzalearen ustez, Pikaolako zatian "segurtasuna ez da inondik inora bermatzen eta erabiltzaileentzako arrisku larria bihur daiteke. Udal gobernua lehena da baldintza guztiak betearazten partikular batek obrak egin nahi dituenean baina kasu honetan badirudi ez dituela aplikatzen beretzat”.

EAJk eskatu du premiaz dorre elektrikoa mugitzeko “eta bidegorria garbitzeko beharreko neurriak hartzea, informazio seinaleak, ispiluak eta gainerako elementu osagarri guztiak behar bezala kokatuz”.

Pikaolakoa zuzentzeko asmoz, EAJk eskaera bat bideratu zuen ekainaren 30ean udal erregistroan.