Udal gobernu taldea: “EAJk ez digu leziorik emango”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 09:00

Prentsa-ohar bidez, EAJk hainbat proposamen luzatu ditu azken asteotan. EH Bilduk gidatzen duen udal gobernu taldeak modu berean erantzun nahi izan du, gure erredakziora igorritako ohar baten bidez.

“Uztailaren 12ko hauteskundeak hurbiltzearekin bat, ugaritu egin dira EAJren prentsa-oharrak NOAUAn. Ezin dugu uka sorpresaz hartu ez ditugunik; izan ere, gai gehienak aurrez landuak, azalpen guztiak emanda eta hitz eginda baitaude dagokion batzordeetan. Non egon dira?”.  Herritarrei ere argibideak emateko helburuz, azalpen hauek eman nahi ditu udal gobernu taldeak.

 

“Behar beste gehituko ditugu aurrekontuak, herritar guztien gizarte babesa bermatzeko”

Egoera zaurgarrian dauden familien elikadura bermatzeko xedez, Udalak dirulaguntzak eman zituen alarma egoerak iraun zuen denboran. “Elikadura Bankua bat-batean ixteak hainbat familiaren oinarrizko elikadura kolokan jar zezakeela-eta, elikadura bermatzeko dirulaguntza-lerroa abiatu genuen, herriko Caritaseko kideekin elkarlanean. 20.000 euroko diru-partida bideratu genuen, eta alarma egoerak iraun bitartean izan da martxan”. Dirulaguntza hori bertan behera utzi eta ohiko prozedurara itzuli da Udala, eta hori horrela bideratzeko arrazoi bakarra teknikoa izan dela dio udal gobernu taldeak. “Udaleko lanak beti eskatzen ditu arauen egokitzapenak, baina horrek ez gaitu gure bidetik apartatuko. Udal honek behar beste gehituko ditu aurrekontuak, usurbildar guztien gizarte babesa bermatzeko”. EH Bilduk gidatzen du udal gobernua eta gai honen inguruan hauxe ohartarazi nahi du: “ez digu leziorik emango EAJk. Ez gaude beraiek eskatu zain horrela jokatzeko. Hauteskunde atarian guztiak ez du balio”.

 

Troia pareko balizko bidegorriaz

Eusko Trenbide Sarea (ETS) trenbidea egonkortzeko lanetan dabil, Troia parean. Honi lotuta, bertan bidegorri bat osatzeko aukera aztertzea eskatu dio EAJk udal gobernuari. EH Bilduk gidatzen duen udal gobernu taldeak harrituta jaso du EAJk NOAUAn eginiko proposamena. “ETSk argi adierazi zigun han ezin dela bidegorririk egin”. Bestetik, Diputazioko zuzendariekin egindako bileran mezu argia eman zitzaiola Udalari. “Bidegorri hori egiteko ardura Diputazioarena dela eta, beraz, Udalari ez dagokiola aurreproiekturik egitea. Halakorik ez egiteko agindu zitzaigun, prepotentzia handiz, gainera, dena esan behar bada! Beraiek egin ez, eta besteei utzi ez”, kexu da EH Bilduk gidatzen duen udal gobernu taldea. “Lehen ere, landutako proiektua bertan behera utzi zuten. EAJk behin baino gehiagotan eskatu du Udalak beretik ere jarri behar duela. Martxoan egindako hirigintza batzordean eman genuen honen berri. Eta orain? Non dira orain Diputazioari aurre egiteko?”, galde egiten du Usurbilgo udal gobernu taldeak.

 

Enpresa bat kontratatu da usoen izurriteari aurre egiteko

Usoen izurritearen aurrean, EAJk bere kezka azaldu zuen aurreko astean. “Jakin badakigu usoak asko ugaritu direla azkenaldian”. Enpresa espezializatu bat kontratatu du Udalak, “lehenbailehen konponbidea jartzeko”.

 

“Elebitasunez aritzeko eskaera egin digu EAJk”

Ekainaren 30ean, EAJko zinegotzi batek berak parte hartzen duen batzorde eta osoko bilkuretako dokumentazioa bi hizkuntzetan jaso nahi duela eskatu zuen, “ez baita euskalduna. Zur eta lur utzi gaitu eskaerak. Izan ere, euskara hutsean lan egiten duen udal bati nola eska diezaioke EAJk bi hizkuntzetan lan egitea?”, galde egiten du udal gobernuak.  “Usurbil UEMAko kide da, eta atzerapauso handia litzateke horretan hastea. Oztopoak oztopo, eta udal langile, hautetsi eta herritarren konpromiso itzelari esker, Usurbilgo Udalak erakutsi du euskara hutsean funtziona daitekeela eremu instituzionalean”.

Euskaraldiaren atarian, “zer eskatuko diegu herritarrei udal ordezkariak halako utzikeriaz jokatzen dutenean? Lotsagarria”, dio EH Bilduk. “Zer konpromiso du EAJk euskararekin? Usurbilen, horretan ere, atzeraka doa. Horregatik, EAJri publikoki eskatzen diogu bertan behera uzteko egin berri duen eskaera”.