Merkataritza hizpide

La Chimenea: “Jendeak altzariak erosteko beharra zuen”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 10:06

La Chimenean 'Gertuago' kanpainako bonu denak agortu dira. “BEZik gabeko hilabetea hasi dugu eta uztaila osoa iraungo du”, adierazi digute bertako langileek.

NOAUA! Denbora asko egin al duzue lanera ezin etorri?

Intza: Martxoaren 16an itxi eta maiatzean itzuli ginen. Bi hilabete inguru.

 

Ikusten dudanez, segurtasun neurriak zorrotz ari zarete jarraitzen.

Intza: Maskarak, pantailak eskritorioen aurrean, gela eskuragarri, papera sofak edota aulkiak probatu ahal izateko... Segurtasun neurri guztiak betetzen ditugu.

Isa: Eta bezeroek ere bai. Oso informatuta eta oso kontzientziatuta datoz hona. Gu gertuko saltokia gara, familiarra, eta kosta egiten zaigu maskararekin ibili behar izatea batetik bestera, baina oso beharrezkoa dela deritzogu. Eta behar den denbora guztian mantenduko ditugu neurri hauek.

 

Aholkularitzarik jaso al duzue?

Isa: Ez, gure nagusia bere kabuz informatu da. Altzari sektorea babestu gabe dago. Renove plana egin behar dute orain etxeko tresnekin eta beste behin ere altzariekin ahaztu egin dira.

 

INTZA, LA CHIMENEA

“Zabaldu berritan, eromena izan zen. Orain gauzak normaldu egin direla esango nuke”

 

Maiatzeko irekiera nola joan zen?

Intza: Lan askorekin hasi ginen.

Isa: Izugarria izan da. Jende asko etorri da. Hiru hilabetez etxetik atera gabe egon eta gero, jendeak beharra zuen altzariak erosteko. Eta denetatik saldu dugu.

 

Lanpetuta hastea eskertzeko modukoa izango da, ezta?

Intza: Noski baietz. Hilabete hasieran lan asko izan genuen eta orain gauzak normaldu egin direla esango nuke. Baina zabaldu berritan, eromena izan zen.

 

Gertuago web orrialdean, La Chimenean erosteko txartelak zeuden eskuragarri. Jada agortu dira. Kanpainak eman duenarekin pozik al zaudete?

Intza: Bezeroak oso pozik daude. Kanpaina hasi zenetik galdezka ibili dira eta, batzuk behintzat, bonuen abantailaz baliatzeko aukera izan dute.

Isa: Orain BEZik gabeko hilabetea hasi dugu eta uztaila osoa iraungo du.