Merkataritza hizpide

Barazar ostatua-landetxea: “Hemen egongo gara, herrikoei ahal dugun zerbitzurik onena eskaintzeko”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 10:09

Zubietan da Barazar ostatua. "Tabernak eta terrazak harrera bikaina izan dute konfinamendua eta gero zabaldu genuen lehenengo egunetik eta, alde horretatik, oso pozik gaude", Maria Jose Osambelak azaldu digunez. "Eta jatetxean betiko martxan ari gara". 

NOAUA! Konfinamenduak eragin zuzena izan du ostalaritzan. Ixteko aginduak landetxeari ere eragingo zion, ezta?

Mari Jose Osambela, Barazar: Hala da, landetxea ere itxi behar izan genuen. Baina hilabete lehenagotik ere landetxean genituen erreserba guztiak pixkanaka-pixkanaka kantzelatzen joan ziren. Uztailean hasi gara berriro erreserbak jasotzen.

 

Lehengora itzuli zarete ala lan gutxiago al duzue orain?

Tabernak eta jatetxeak ireki zitezkeenetik aste pare bat itxaron genuen. Batez ere taberna, jatetxe zein landetxerako protokoloak ondo prestatu arte. Bestalde, beste tabernak eta jatetxeak nola hasten ziren ikusi nahi genuen. Beldur pixkat ere bagenuelako. Une egokia zela ikusi genuenean, irekitzea erabaki genuen.

Tabernak eta terrazak harrera bikaina izan dute lehenengo egunetik eta, alde horretatik, oso pozik gaude. Eta jatetxean betiko martxan ari gara. Argi dagoena da eguraldi ona bada, jendeak nahiago duela kanpoan barruan baino. Zalantzarik gabe.

 

BARAZAR LANDETXEA

“Jendea ez dago oporrik gabe geratzeko prest. Uztaila erreserba berriekin betetzen ari da”

 

Santio eta San Inazio egunetarako zer nolako prebisioak dituzue?

Egun horietarako prebisioak egitea ez da erraza. Egoera kontuan hartuta, nork daki? Hala ere, gu hemen egongo gara. Beti bezala, herriko jendeari ahal dugun zerbitzurik onena eskaintzeko. Gauzak nola datozen ikusiz joango gara eta horren arabera moldatzen joango dira prebisioak.

 

Landetxea ere bada Barazar ostatua. Uda honetarako erreserbak gutxitu ala handitu egin al zaizkizue?

Apiriletik uztaila bitarte dena kantzelatu zen. Erabat. Baita abuztuko erreserben %80a ere. Dena den, badirudi jendea ez dagoela oporrik gabe geratzeko prest eta uztaila ari da pixkanaka betetzen erreserba berriekin. Abuzturako 100%ean beteta egotea espero dugu baina batek daki.