Hauteskunde kanpaina

“EAJ da bermerik onena Euskadi zutik jartzeko”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 13:34

Pandemiak dena baldintzatu du. Alderdi politikoen planteamenduetan ere eragina izan du. "Sor daitezkeen arrisku berriei berme osoz aurre egin ahal izateko, gure osasun publikoa sendotzera eta hobetzera konprometitzen gara", azaldu digu EAJko ordezkariak. "Aurrekontu berria beharretara egokitu beharko dugu, gizarte-politika publikoak eta berrikuntza lehenetsiz eta indartuz".

NOAUA! Modu batean edo bestean, pandemiak denoi eragin digu. Konfinamendutik zer nolako irakasgaiak atera dituzu?

Josune Urkola, EAJ-PNV: Ugariak. Lehenik eta behin, gizakiak zein zaurgarriak garen erakutsi digu, guztiok eta edozein. Eta hori ez dugu inoiz ahaztu behar.

Bestalde, pandemiaren iragan hilabete hauek ebaluatzen baditugu, argi ikusten da Euskal Herria herri solidarioa eta arduratsua dela, zoritxarrei aurre egiteko eta gainditzeko gai dena. Sutan jartzean probatutzen da nolakoa den heltzea!, esan zuen Xenpelarrek. Krisi honek, euskal erakundeen eta zerbitzu publikoen sendotasuna frogatu du.

Euskal osasun-sistemaren kasuan, ziurtatuta geratu da pandemia global honi aurre egiteko gaitasuna eta profesionalek duten gaitasuna: Euskadik osasun-kolapsoa saihestu du, eta, gainera, ospitaleratutako pertsonei erantzun die, berme osoz. Azken bosturtekoetan osasun publikoan egindako inbertsioek eraginkortasuna erakutsi dute; inbertsio hori urtetik urtera handitu egin da, biztanleko 1801 €ra iritsi arte, aurten.

Etorkizunari begira, pandemiak erakutsi digu gordin osasun-zerbitzu eta -ekipamendu estrategikoetan auto-hornidura bermatzeko gai izan behar dugula; eta dagoeneko hasi gara baliabideak jartzen hornidura Euskaditik eta Euskadin egin ahal izateko.

Osasun-arloari lotutako ekoizpen-sarea garatu behar dugu, eta gure erantzun-gaitasunak indartu; horretarako,gure alderdiak euskal kluster biosanitarioa indartzea planteatzen du.

Halaber, ezinbestekoa da alerta- eta interbentzio-neurriak hartzea, herritar guztien osasun-mehatxuak prebenitzeko, kontrolatzeko eta artatzeko; beti, baina bereziki osasun-larrialdiko egoeretan, eta, horretarako, Osasun Publikoaren Legea onartzea proposatzen dugu.

Gainera, Osakidetzaren egiturazko langile plantilla indartuko dugu, eta, horretarako, 4.000 pertsona sartuko ditugu lan-eskaintza publikoen bidez. Horrez gain, lehen mailako arreta indartuko dugu, eta, horretarako, 400 fakultatibo-plaza berri jarriko ditugu eta erizaintzako plantilla handituko dugu.

Sor daitezkeen arrisku berriei berme osoz aurre egin ahal izateko, gure osasun publikoa sendotzera eta hobetzera konprometitzen gara.

 

Hauteskundeak egiteko garaiak zeresana eman du. Zer iritzi duzu polemika horren inguruan?

Pandemiak eta ondorengo konfinamenduak, Legebiltzarra hauteskundeagatik deseginda zegoela harrapatu gintuen eta apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera uztera behartu gintuen. Premiazkoa zen Legebiltzarrak bizi zuen bitarteko egoera hori gainditzea, eta horretarako osasun bermeak izan bezain laster, hauteskundeak deitu behar ziren. Eta horrela egin da. Egoera aztertu ondoren, osasun publikoaren txostenak uztaila hauteskunde-deialdirako garairik egokiena zela erabaki zuen.

Indarrean eta osatuta diren Legebiltzarra eta Jaurlaritza behar ditugu, osasun-lehentasunari erantzuteko eta ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia abian jartzeko. Legebiltzar berri bat eta Jaurlaritza sendo bat behar dugu, unean uneko lehentasunekin bat datozen aurrekontuak onartu ahal izateko eta beharrezkoak diren erreforma guztiei ekiteko. Osasun erronkak berarekin dakar erronka sozio-ekonomikoa eta hauei aurre egiteko, zenbat eta lehenago izan erantzuteko tresna parlamentario eta instituzional guztiak, orduan eta hobeto.

Bestalde, Jaurlaritzak ahalegina egin du kanpaina eta hauteskunde-eguna normaltasun eta segurtasun higieniko-sanitario handieneko baldintzetan egin daitezen.

Nire ustez, hasieran sortu zen polemika gorabehera, gaur egun inork ez du zalantzan jartzen erabakia zuzena denik.

Gure konpromisoa da gure osasun publikoa sendotzea eta hobetzea, sor daitezkeen arrisku berriei berme osoz aurre egin ahal izateko.

 

“Iraganean ere krisi ekonomikoak gainditzeko gai garela erakutsi dugu”

Une honetan, herritar askoren kezka-iturri nagusiak ekonomia eta osasuna dira. Zer nolako neurriak defendatuko ditu zuk ordezkatzen duzun alderdiak?

Kudeaketan zorroztasuna eta erantzukizuna aplikatzea. Gure lehentasunak hauek dira: pertsona eta familia ahulenei laguntzea, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, eta osasun-sistema eta zerbitzu publikoak bermatzea. Eta hori lortzeko behar dena inbertituko dugu, modu arduratsu eta solidarioan. Aurrekontua beharretara egokitu beharko dugu, gizarte-politika publikoak eta berrikuntza lehenetsiz eta indartuz, hori baita lehiakortasunaren eta orain geroko ekonomiaren oinarria. 

Eskarmentua dugu, eta iraganean ere krisi ekonomikoak gainditzeko gai garela erakutsi dugu.

Pandemiak etxeko lanak burututa eta lanean harrapatu gaitu. Aurrekontuetan egoera egokia dugu eta etorkizunari aurre egiteko oinarri sendoak ditugu: 2017tik 0 defizita dugu eta zorpetze maila % 12an da. Horregatik, zerga-bilketan aurreikusitako beherakada konpentsa dezakegu zorpetze-ahalmen eta defizit-helburu handiagoekin, diru-bilketa eror daitekeenaren antzekoa. Hori da datozkigun beharrei erantzuteko dugun tresna nagusia.

Superabiteko urtetan izan ditugun gerakinen inbertsioak eskaintzen digu beste aukera eta bide bat. Pandemia honetan ezarri ditugun likidezia-funtsak izan baditugu, bai eta, osasun-gastuari eta hezkuntzari dagokienez, Estatuko funts ez-itzulgarriak ere. Gainera, proiektuetarako Europako funtsak izango ditugu. Azti ibili eta Europara proiektuak aurkezten ahalegindu beharko gara, ez bakarrik Administraziotik, baita ekimen pribatutik ere.

Josune Urkola, EAJ

“Etorkizunari konfiantzaz begiratu behar diogu”

 

Amaitzeko, zergatik eman beharko genioke botoa zuk ordezkatzen duzun alderdiari?

Euskadi zutik jarri behar dugulako. Ekonomia suspertzea eta enplegua bultzatu behar direlako; zerbitzu publikoak bermatu behar direlako, gizarte-politiken aldeko apustua eginez. Ahulenak babestu behar ditugulako, inor atzean utzi gabe. Etorkizunari konfiantzaz begiratu behar diogulako. Izan ere, etorkizunari bermeekin aurre egiteko eta euskal herritarren beharrei eta nahiei erantzuteko, estatus berri bat behar dugu, Estatuarekiko harreman-eredu berri bat, berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarritua. Euskal herritarrok erabakitzen duguna errespetatuko dela bermatuko duen estatus berri bat behar dugu, guk baino hobe inork ez baitaki gure beharrei eta nahiei erantzuten.

Eta hori guztia egia bihur dadin, proiektuak errealitate bihur daitezen, EAJ da bermerik onena. Eskarmentua dugu. Iraganean egin dugu: Herria berreraiki genuen, diktaduratik irten ondoren; uholdeak gainditu genituen; 80ko eta 90eko krisiak gainditu genituen, baita 2008koa ere. Eta berriro egingo dugu. Denok batera, Eusko Alderdi Jeltzalearen lidergo sendoarekin. Indarra, ilusioa eta konfiantza dugu herri honengan, bere jendearengan eta bere etorkizunarengan.