Hauteskunde kanpaina

“PSE-EEko kideok sistema publikoan sinesten dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 13:28

Patxi Suárez PSE-EEko udal zinegotziaren esanetan, "osasunari lehentasuna eman behar zaiola erakutsi digu krisi honek". Zerbitzua hobetuko duen sistema publiko bat proposatzen du alderdi sozialistak, "osasun gastuan eraginkorra izango dena eta politika sozialekin koordinatuta, asistentzia hobea izan dadin".

NOAUA! Modu batean edo bestean, pandemiak denoi eragin digu. Konfinamendutik zer nolako irakasgaiak atera dituzu?

Patxi Suárez, PSE-EE: Aste hauetako konfinamenduak erakutsi digu osasunari lehentasuna eman behar zaiola, beste edozer gauzaren aurretik.

Arduratsuak izan behar garela ere erakutsi digu. Elkartasunez jokatu behar dugula, eta osasun publikoaren sisteman konfiantza izan behar dugula. Hori dena erakutsi digu.

Baina konfinamenduak beste ikasgai batzuk ere utzi dizkigu:  krisiak kudeatzeko garaian badirela politikari arduratsuak, inor bazterrean ez uzteko lanean ari direnak. Alderdi politikoen interesen gainetik, herritarren osasuna lehenesten duten politikariak.

Azkenik, konfinamenduak erakutsi digu ez dela gauza bera gobernu sozialista batek kudeaturiko krisi bat edo eskubiko gobernu batek kudeaturiko krisi bat.

PSE-EE alderdi sozialistako kide guztiok sistema publikoan sinesten dugu.

 

Hauteskundeak egiteko garaiak zeresana eman du. Zer iritzi duzu polemika honen inguruan?

Ez dira garrantzitsuak interes politikoei edo partidistei erantzuten dieten polemikak. Garrantzitsuena da sistema elektorala eta hauteskundeak finkatzea eta ospatzea segurtasun neurri guztiekin eta herritarren osasuna arriskuan jarri gabe.

Uda eta gero pandemiaren balizko berragertze baten aurrean, eta txerto baten faltan, ez dago beste erremediorik. Uztailean egin behar dira hauteskundeak, Eusko Legebiltzarra lehenbailehen martxan jar dadin eta Eusko Jaurlaritza ahalik eta azkarren osatu dadin, premiazkoak diren neurriak har daitezen eta euskal ekonomia berraktibatzeko planak indarrean jar daitezen.

 

Patxi Suárez PSE

“Krisiak kudeatzeko garaian badira politikari arduratsuak, inor bazterrean ez uzteko lanean ari direnak”.

 

NOAUA! Une honetan, herritar askoren kezka-iturri nagusiak ekonomia eta osasuna dira. Zer nolako neurriak defendatuko ditu zuk ordezkatzen duzun alderdiak?

Arlo ekonomikoan, sozialistikok bi fase proposatzen ditugu, erresistentziarena eta berraktibazioarena.

Egungo erresistentzia garairako, sozialistok txoke-plan bat proposatzen dugu, epe laburrean enplegua mantendu dadin, eta epe erdira ekonomiaren eta enpleguaren berraktibazioa eman dadin. Hori dena Elkarrizketa Sozialaren Mahaian adostuta.  Eta plan horren osaketan erakunde politikoak, enpresarialak, sindikalak eta Euskadiko bestelako instituzioak inplikatuz, foralak nahiz munizipalak.

Arazoak dituzten enpresentzat ERTEen luzapena proposatzen dugu, Gutxieneko Soldata ziurtatzeko prestakuntzak handituz.

Digitalizazio eta I+D+I planak abiarazi behar dira, eta Renove planak sustatu sektore ezberdinetan barne eskaria bultzatzeko eta enplegua babesteko.

Berraktibazio ekonomikorako ere, plan bat proposatzen dugu, kontsentsu handikoa, eta kontuan har ditzala Espainiako Gobernutik eta Europatik adosten diren fondo-injekzioak nahiz likidezia arloko ekimenak.

Likidezia planak enpresa txiki zein ertainentzat eta autonomoentzat, pasibo finantzieroen bidezko laguntzak berregituratze prozesuan diren enpresentzat, Renove planak makina-erreminta sektorean, hobekuntzak enpresen lehiakortasunean.

Hala nola, euskal industria sektoreari dagokion Barne-Produktu Gordinaren %25aren errekuperazioa helburutzat hartzea proposatzen dugu.

Ezin ditugu merkataritza, turismoa edo ostarlaritza sektoreak ahaztu. Programak eta laguntzak beharko dituzte epe erdi eta luzera begira, jarduerari eutsi diezaioten eta Barne-Produktu Gordinean pisu garrantzitsua mantendu dezaten.

 

Osasunari dagokionez, sistema publikoak aurre egin dio pandemia honi  duela hamar urte Patxi Lopez lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritzako gobernuak egin zuen osasun berrantolaketari esker, eta batez ere, osasun arloko profesionalen ahaleginari esker.

Baina sistemak gabeziak erakutsi ditu, konpondu egin behar direnak, kolapsoa ekiditeko. Horregatik alderdi sozialistak proposatzen du efektibo egonkorrak %50ean igotzea osasun sisteman, erizainen formazioa bermatzeko epidemiologian eta teknologia berrietan.

Lehen Arreta Zerbitzurako eta Arreta Komunitariorako plan bat egitea proposatzen dugu, prebentziozko jarduera osoa jasoko duena. Osasun Publikoko estrategia berri bat abiarazi mehatxu berriei aurre egiteko, Epidemiologia gaietarako batzorde iraunkor batekin, Espainiako Gobernuak koordinatuta. Atentzio soziosanitarioaren errebisioa ere proposatzen dugu.

Zerbitzua hobetuko duen sistema publiko bat proposatzen dugu, osasun gastuan eraginkorra izango dena eta politika sozialekin koordinatuta, asistentzia hobea izan dadin.

Gobernatzeko modu berri bat proposatzen dugu, Zerbitzu Sozialen Euskal Sistema egikaritu dadin, pertsonak eguneroko bizitzan autonomia osoz moldatu daitezen. Pertsonen babeserako funtsezkoa izan dadin. Maila faniliarrean eta komunitarioan, arrazoizko integrazioa sustatu, hori osasun berme bat baita, osasun arloko profesionalen jardueratik haratago doana.

Osasun sistema antolatu behar dugu krisi berri baten aurrean sistemak aurre egin ahal izan dezan, lehen arreta zerbitzuak edo arreta espezialduak behar dituzten gaixoak atenditzen utzi gabe.

 

“PSE-EEren konpromisoa ongizatearen aldekoa da”

Amaitzeko, zergatik eman beharko genioke botoa zuk ordezkatzen duzun alderdiari?

Uztailaren 12an PSE-EEren alde bozkatzeak suposatuko du lortutako eserlekuak balioko dutela gai hauek Eusko Jaurlaritzaren agendan lehenesteko: enpleguaren sorrera erdigunera ekartzea, iruzurraren aurka egitea, zerbitzu publikoen indartzea, berdintasunaren eta kohesio sozialaren alde egitea; baztertzaileak edo egonkortasunaren aurkako erabaki guztiak albo batean uztea. Sozialiston konpromisoa ongizatearen aldekoa da, herritarren progresoaren aldekoa. Gure printzipioen sendotasunetik abiatuta, akordietara zabalik gaude, konfrontazio artifizialetan erori gabe. Hori dena posible egin nahi dugu, gobernuen arteko aliantzak bilatuz eta atzean geratzeko arriskua dutenekin konprometituta.

Euskadi anitz bat Espainia anitz batean defendatu dugu eta defendatuko dugu, Europa askotariko baten barruan. Espainian gobernatzen ari gara sozialistak, ardura partekatuak ditugu Eusko Jaurlaritzan, hiru lurralde historikoetako gobernuetan gaude, udaletxe askoren ardura dugu edota ko-gobernantzan ari gara beste udaletxe askotan. Badakigu zer den lidergo instituzionala eta kudeatzeko ardura izatea, baita pandemiarekin pasa berri ditugun une zail hauetan ere.

Sozialistok kudeatzen ditugun instituzioek maila eman dute, eta Euskadiren autogobernuaren defentsatik abiatuta, euskal gizartearentzat premiazkoak diren beharrentzako erantzunak ditugu, baita epe erdi eta luzera begira ere.

XXI. mendeko Euskadi baten aldeko apustuan, egin dezagun aurrera ekonomikoki eta sozialki; euskal agenda espainiarrarekin eta europarrarekin partekatzeko konpromisoa har dezagun, baita 2030 agendarekin ere. Nazio Batuen Erakundeak garapen sostengarriaren bidean zehaztu dituen helburuak gure egiten ditugu.

Akordio garrantzitsu guztietan parte hartu dugu euskal sozialistok, eta erreferenteak izan gara euskal gizartearen aurrerabidean. Euskadik eta Euskadiko herritarrek dituzten arazoen aurrean erantzunak planteatzeko prest gaude, eta konprometituta gaude.