Kultur Bira

Gogoan izan kultur ekitaldietan parte hartzeko protokoloa

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 10a, 10:03

Hilabete hasieratik abian den Usurbilgo Kultur Biraren hitzorduetarako antolaketa lanak azpiegiturak prestatu eta egitaraua jostetik haratago joan dira. Uztaila amaierara arte luzatuko den zikloa, bizi dugun osasun krisialdira egokitu behar izan dute. Protokolo osatu askoa landu dute. Bildu ahal izan duten bolondres sare zabalari esker ari dira bideratzen ezohiko testuinguru honetan abian den Kultur Bira. Herritarrak zorrotz ari dira betetzen finkatu diren prebentzio irizpideak.

Santuenea nahiz Oiardo Kiroldegiko iragan asteko emanaldi hasierek gogorarazi ziguten, ez gaudela ohiko egoeran eta kultur ekitaldiak ere ezin daitezkeela ospatu betiko moldeetan. Uztailaren 1az geroztik abian den Kultur Bira ere koronabirusak eragindako osasun krisialdira egokitu behar izan du antolakuntzak.

Herritarrak zorrotz betetzen ari diren protokolo zehatz bat landu dute. Sarrerak eskutik eskura ibili beharrean, online eskuratu behar dira usurbilkultura.eus plataforma berriaren bidez. Parte hartu nahi den ekitaldietan izena eman daiteke; gero antolakuntzak zozketa bidez esleitzen ditu sarrerok eta emailez jakinarazten zaie apuntatu direnei.

Eserlekuen antolaketa berria
Sarrera eskutan edo mugikorrean, ekitaldia ospatuko den gunera maskara jantzita gerturatu behar da. Bi "segurtasun" lerro igaro behar dira emanaldi gunera sartu aurretik; batetik, sarrerek duten QR kodea erakutsi eta sarrera egokia duela egiaztatu beharko du antolakuntzak. Segidan, eskua gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira. Gero barrura antolakuntzak finkatutako eserlekuetara. 

Behin eserita maskarak kendu daitezke, eserleku artean gutxieneko segurtasun distantzia finkatua baitute. Baina ahal dela ezin da altxa ez eserlekutik mugitu. Ekitaldiek iraun artean, bakoitzak gertuen zuen txosna txiki batera joan zitekeen edatekoa eskatzera. Atsedenaldietan ez. Eta ekitaldiak amaituta gunetik pixkanaka atera behar izaten da; eserleku lerroak banaka hustuz eta eserlekuak zeuden lekuan utzita.

Ezohiko garaiotara egokituriko neurriak dira hauek, egunotan herritarrak zorrotz betetzen aritu direnak, bai Santueneko karpa gunean edota baita Oiardo Kiroldegiko hitzorduetan ere. Bolondres sare zabal bati esker gauzatzen ari dira ekitaldiok.

"Egoera honetan kultur ekitaldi batera etortzea, gure kulturari bultzada berezi bat ematea da"
Kultur Biraren ekitaldiak hasi aurretik, antolakuntzak kontzertu gauotarako antolaturiko protokoloaren berri ematen du, eskerrak helaraztearekin batera. "Eskerrik asko denoi etortzeagatik, eskerrik asko ze gaur egun, egoera honetan, kontzertu batera, kultur ekitaldi batera etortzea bada zerbait. Bada gure kulturari bultzada berezi bat ematea, kulturgileei, sortzaileei, kulturako langileei, teknikariei... Horregatik, benetan eskerrik asko etortzeagatik", antolakuntzak egunotan adierazi izan dienez.

Antolakuntza aritu bezala jokatzera gonbidatzen ditu herritarrak ere. "Ardura handiz jokatu dugu, eta falta da ardura hori partekatu, eta zuek ere, parte hartzaileok, berdin jokatzea".