Gazte mugimenduaren azterlana

Covid19-ak gazteengan izandako eraginari buruzko azterlanaren ondorioak plazaratu dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 13:53

Ernaik, Aztarrika gazte asanbladak, Kafe Tertuliak eta Oriarteko Ikasleon Asanbladak hilabeteotan online bideraturiko azterlanaren emaitzak argitara eman dituzte herrian jarri dituzten karteletan. Hartuemanak eta zaintza lanak, lan mundua, etxebizitza, hezkuntza edota sorkuntza gaiei buruzko hainbat galdera erantzun dituzte 14-30 urte arteko gazteek, aipatu eragileek zabaldutako inkestan.

Usurbilgo kaleetan, autobus geltoki edo hainbat etxe azpietako hormetara begiratze baduzue, kartel hori deigarriak aurkituko dituzue, datu interesgarriekin. Usurbilgo gazte eragile ezberdinek eginiko lanketaren ondorioak biltzen dituzte kartelok. Oriarteko Ikasleon Asanbladak, Ernai Usurbilek, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak eta Kafe Tertuliako kideek covid19-ak gazteriarengan izan duen eragina aztertu dute hilabeteotan. Gazte mugimenduak online erantzun beharreko inkesta bat prestatu zuen "deseskalatze" prozesua hasi berritan, konfinamendu asteek 14-30 urte arteko herritarrengan izandako eragina aztertzeko.

Zaintza lanez (tartean, Usurbilgo zaintza sareaz), etxebizitza barruko elkarbizitzaz, etxean nahiz etxetik izandako hartuemanez, etxealdian zehar online bidez izandako kultur dinamikaz (tartean, "Sortuz bakardadea isolatuz" herriko artixten ekimenaz), konfinamendu garaiko ikasketez (online klaseez, selektibitatearen kudeaketaz...), lantokian covid19-ak nola eragin dien (ERTE-en aplikazioaz, lantokira behartuak joatera sentitu diren...), etxeko gastuei aurre egiteko laguntzarik jaso duten, emantzipatze zailtasunak areagotu zaizkien...

Ondorio nagusiak kartelotan bildu dituzte. Lan munduan lehendik ere bazen prekarizazioan sakondu dela diote, etxebizitzak eragindako gastuei aurre egiteko laguntza falta edota etxean seguru ez daudenentzat baliabide falta salatu dute, sortzaileentzat jendaurrean aritzeko gune bat izatea ezinbestekotzat jo dute. Ikasleak ez direla aintzakotzat hartu diote, eta aldiz, ikasleen zaintza sareak jarraitzearen aldekoak dira. 


COVID19-AREN ONDORIOAK USURBILGO GAZTEONGAN
ZAINTZA ETA HARREMANAK
-%50ak baino gehiagok etxeko zaintza lanen banaketan aldaketa bat nabaritu du.
-%80-ak uste du etxean seguru ez bazaude ez daudela horri aurre egiteko baliabideak.

KULTURA ETA SORTZAILEAK
-Gazteen %70-ari Sortuz Bakardadea Isolatuz proiektuko ekitaldiak lagungarriak egin zaizkio.
-Gazte sortzaileak ezagutaraztera emateko gune baten aldarria aho bakarrekoa da.

HEZKUNTZA
-4-tik ia hiruk erantzun dute ikasleen egoera ez dela kontuan hartu.
-%85-ak "Ikasle Zaintza Sareek" jarraipena izatea merezi dutela uste du.

ENPLEGUA
-Gazte langileriaren erdiak soldatan murrizketa nabariak pairatu ditu.
-5 gazte langiletatik 1-ek diru sarrera osoa galdu du.
-Egoera laboralaren prekarizazioa handitzeaz gain lan mundura sarrera mugatu da.

ETXEBIZITZA
-10 gazteetatik 1-ek bakarrik jaso du laguntza egoerari aurre egiteko.
-Gazteriaren 1/3-ak soldataren erdia etxebizitzara bideratzen du.

Azterlanaren egileak: Oriarteko Ikasleon Asanblada, Aztarrika, Ernai, Kafe Tertulia.

Erlazionatuak