Kultur Bira

Uztailaren 19ko Herri Kirolen Egunerako prestatzen

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 11a, 13:16

Usurbilgo Kultur Biraren baitan, Usurbilgo jaietan ospatzekoak ziren herri kirolei ere tartea egingo die datorren uztailaren 19an. Egun osoko festa antolatu dute, sega eta Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketarekin goizez. Arratsaldean herritarrak ikusiko ditugu giza proban eta segidan idi-dema. Hitzordu guztiotarako izena online eman daiteke usurbilkultura.eus webgunean. Parte hartzaileak prestaketa lanetan murgilduak dira egunotan.

Egunotan afalorduan frontoi ondoko plaza zeharkatzen duenak behin baino gehiagotan aurkituko ditu entrenamendu eta ahalegin saio betean, Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue, Iurgi Mendiluze Zuloaga eta Txomin Alkorta Sarriegi. Hilabete hasieratik abian den Kultur Biraren baitan, Usurbil Herri Kirol Taldeak sega eta harri jasotze txapelketaz, eta giza zein idi probez osaturiko jaialdia iragarri du uztailaren 19rako, datorren iganderako alegia. 

Herri Kirolen Egun honetarako aipatu giza probarako entrenatze saio betean dira herritarrak egunotan herriko plazan. Ekitaldi guztiotarako izena online eman daiteke jada usurbilkultura.eus plataformaren bidez. Lehenbizi erregistratu beharra dago webgune horretan izen ematea bideratzeko. Sarrerak eskatu eta zozketaturikoan jakingo du norberak egokitu zaizkion edo ez. 

Kultur Birako gainerako hitzorduekin bezala, hilaren 19ko Herri Kirolen Eguna ere bizi dugun osasun krisialdira egokitua egongo da; hainbat prebentzio neurri hartu ditu antolakuntzak.

HERRI KIROLEN EGUNA
Uztailak 19, igandea
10:00 Sega txapelketa Udarregi Ikastola aurreko belardian.
Sarrera: Herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 180 lagunentzako lekua.

12:00 Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketa herriko plazan.
Partaideak: Manex Aburuza Alduntzin, Iraitz Arruti Artetxe, Iñigo Eizagirre Askaray "Eiza", Gorka Etxeberria Ikutza, Aimar Irigoyen Jauregi, Hodei Iruretagoiena Uria "Izeta IV", Mikel Lopetegi Gereka "Urra", Xabat Olaizola Arizti.
-3 minutuko txanda harri bakoitzarekin: garailea kilo gehien altxatzen dituena izango da.
-Harriak: 125 kg Kopa (10 arroa), 112,5 kg. kubikoa (9 arroa), 100 kg. bola (8 arroa).
Sarrera: Herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Oharra: "eguraldi txarraren kasuan, pilotalekuan egingo da 158 pertsonako edukierarekin. Eguraldi onaren kasuan berriz, plazan egingo da 248 pertsonako edukierarekin".

18:00 Giza proba 20 m. saioa. 4 gizonezko 1.800 kiloko harriarekin. Partaideak: Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue, Iurgi Mendiluze Zuloaga eta Txomin Alkorta Sarriegi.
Ondoren, dema. Inaxio Telleria eta Jose Ramon Olazaranen idiak. 
Sarrera: Herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 114 lagunentzako lekua.