#U12

Hauteslekuak zabalik, herritarrak tantaka bozkatzera joaten hasiak dira

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 12a, 10:42

Ezohiko segurtasun neurrien artean, baina ezustekorik gabe zabaldu dituzte hauteslekuak 9:00etan. Zabalik izango dira 20:00ak arte. Hautesleku "berrietako" batean izan gara; Oiardo Kiroldegian. Orain arte Udarregi Ikastolan kokatzen zituzten hiru mahaiak gaurkoan aipatu instalakuntzetako pistan dituzue.

Ezohiko testuinguruan, ezohiko segurtasun neurrien artean, baina ezustekorik gabe zabalik dira goizeko 9:00ak geroztik udalerri honetako hauteslekuak. Gogoan izan, non dagokizuen bozkatzea ondo begiratu zuen errolda txartelean. Hautesleku bat egokitu dute Lanbide Eskolan Usurbil aldean bizi diren zubietarrentzat, bestea Zubietako Eskola Txikian Donostia aldean bizi diren zubietarrentzat. Santuenea Kultur Elkarteko egoitzara joan beharko dute hainbat herritarrek. Kalezarren Haur Eskolan ere bi mahai egokitu dituzte. 

Osasun krisialdi betean ospatzen ari dira hauteskundeok. Covid19-ak baldintzaturiko bozketa egun hau ezohiko testuinguru honetara egokitzeko zenbait hautesleku tokiz aldatu dituzte. Aginagako Eskola Txikian kokatu izan dena, eraikin bereko psikomotrizitate gelara. Eta Udarregi Ikastolan kokatu izan diren hiru mahaiak, Oiardo Kiroldegiko pistan dituzue, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.
 
Lurreko seinaleztapenari segi
Zirkuitu moduko bat osatu behar da Oiardo Kiroldegiko mahaiotara joateko. Futbol zelai pareko arrapalatik igo, sarreran eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu eta barrura. Bozka paperak bertan dituzue etxetik bozka prest geraamten ez baduzue. Bozka papera gutunazalean sartuta, dagokizuen mahaira gerturatu. Ilara bada, segurtasun tartea errespetatzeko begiratu lurreko seinaleztapenari. 

Nortasun agiria erakutsi bai, baina ez dago mahaikoei eman beharrik. Bozkatu eta bozkalekutik irteteko begiratu berriz lurreko seinaleztapenari. 

Oiardo Kiroldegiko hauteslekuan, herritarrak bozkatzera joaten hasiak dira, baina aurreko deialdietan gertatu izan den moduan, tantaka, ilararik sortu gabe.