Usurbilgo emaitzak EAE mailako joeren isla

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 12a, 21:40

EAE-ko Legebiltzarra berritzeko 2016ko azken hauteskundeetako datuekin alderatuta, EHBilduk 6 puntu egin du gorantz Usurbilen, EAJ-k eta PSE-k puntu bana. Gorantz egin dute hiru eragile politikook EAE mailan ere.

Neurri batean, Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeen EAE mailako emaitza orokorren isla izan dira baita Usurbilgo zifrak. Duela lau urteko, 2016ko irailean ospaturiko hauteskundeetako udalerri honetako emaitzak gogora ekartzen baditugu eta gaurkoekin alderatu, neurri ezberdinetan baina EHBilduk eta EAJ-k bozka kopuruan gorantz egin dutela nabarmendu daiteke.

EHBilduren kasuan, 1.569tik 1.592ra igo da (%52,95tik %58,72ra) herritarrek koalizioaren hautagai zerrendari emandako babesa, 2016tik 2020ra. Gaurko eta duela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak kontuan izanda, EAJ-k ere gorantz egin duela ikus dezakegu. 2016an, 704 bozka (%23,75) eskuratu zituen. Bozka kopuruan oraingoan zertxobait beherantz egin duen arren, ehunekoei begira gorantz egin duela ikus daiteke; 2016an bozken %23,75 eskuratu zuten jeltzaleek, gaur bozken %24,30a. Honenbestez puntu bat egin du gora EAJ-k, EHBilduk 6 puntuko hazkuntza izan du.

Hirugarren eta laugarren indar bozkatuenen artean trukea izan da. 2016an, hirugarren alderdi bozkatuena Elkarrekin Podemos izan zen (369, %12,45), PSE-EE laugarrena izan zen (156, %5,26). Gaurkoan alderantzizkoa gertatu da; PSE-EE hirugarren indar bozkatuena izan da (184 / %6,78) Podemos-IU laugarrena (161 / %5,93). 

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, 2016an aurkeztu ez ziren alderdiek parte hartu dute gaurko deialdian. Horien artean, Aulki Zuriak-ek. Pasa den azaroko Espainiako Diputatuen Kongresurako 11 bozka eskuratu zituen, gaurkoan ere bozka kopuru bera. VOX-ek 24 bozka jaso zituen orduan, gaur 15.

EUSKO LEGEBILTZARRA BERRITZEKO HAUTESKUNDEAK
USURBIL

2020
EHBildu: 1.592 / %58,72
EAJ-PNV: 659 / %24,30
PSE-EE/PSOE: 184 / %6,78
Podemos-IU: 161 / %5,93
PP+Cs: 54 / %1,99
Equo Berdeak: 25 / %0,92
VOX: 15 / %0,55
EB-AZ: 11 / %0,40
PACMA/ATTKA: 8 / %0,29
Recortes Cero-LV-M: 1 / %0,03
P-LIB: 1 / %0,03
UCDE: 0 / %0,00
PUM+J: 0 / %0,00
LXE-EAL: 0 / %0,00

2016
EHBildu: 1.569 (%52,95)
EAJ-PNV: 704 (%23,75)
Elkarrekin Podemos: 369 (%12,45)
PSE-EE/PSOE: 156 (%5,26)
PP: 79 (%2,66)
Ganemos: 27 (%0,91)
C´s: 26 (%0,87)
PACMA/ATTKAA: 15 (%0,50)
Partido Familia y Vida: 7 (%0,23)
Libertate Nafarra: 6 (%0,20)
Recortes Cero-G. Verde: 5 (%0,16)