Kultur Bira

Herri Kirolen Eguneko giza-probarako prest

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 08:23

Usurbilgo Kultur Biraren baitan, igandean ospatuko den Herri Kirolen Egunaren baitan, herritarrak harri tiraka jarriko dituen giza-proba ospatuko da. Asteotan aritu dira entrenatzen, lehiarako gune izango duten plazan. Ostegunean itxiko dute Herri Kirolen Egunerako ekitaldietarako izena online emateko epea.

Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue eta Iurgi Mendiluze Zuloaga laukotea, Txomin Alkorta Sarriegiren esanetara ariko da harri tiraka, Usurbilgo Kultur Biraren baitan, igandean (uztailak 19) ospatuko den Herri Kirolen Egunean. 1.800 kiloko harriarekin zenbat zinta egin 20 minutuko tartean, hortxe erronka.

Asteotan afalorduan ikusiko zenituzten plazan gogotik prestatzen. Azken aldiz, aste hasieran. Iganderako prest da taldea. Erronka, Usurbil Herri Kirol Taldeak Bizkaia aldean dituen zaletuen eta iazko azaroaren 1ean Usurbilen bertan lehiatu zirenen eskutik sortu zen. Bizkaiara harri handia nola mugitzen zuten ikustera gonbidatu eta herrian taldetxo bat osatzeko harra piztu zitzaien. Harri handia mugitzeko sei lagun behar zituzten, baina zaila zela iritzita, “1.800 kilokoa tiratzeko lau tiratzaileez” osaturiko taldea jarri zuten helburu gisa. Hortik sortu zuten taldea igande honetako erronkarako.

Sega txapelketa, Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketa, idi-dema eta aipatu giza-proba ospatuko dira uztailaren 19ko Herri Kirolen Egunean. Ekitaldiotarako izena online eman dezakezue ostegun hau (uztailak 16) baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.


HERRI KIROLEN EGUNA
Uztailak 19, igandea
10:00 Sega txapelketa Udarregi Ikastola aurreko belardian.

12:00 Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketa herriko plazan.
Partaideak: Manex Aburuza Alduntzin, Iraitz Arruti Artetxe, Iñigo Eizagirre Askaray "Eiza", Gorka Etxeberria Ikutza, Aimar Irigoyen Jauregi, Hodei Iruretagoiena Uria "Izeta IV", Mikel Lopetegi Gereka "Urra", Xabat Olaizola Arizti.
-3 minutuko txanda harri bakoitzarekin: garailea kilo gehien altxatzen dituena izango da.
-Harriak: 125 kg Kopa (10 arroa), 112,5 kg. kubikoa (9 arroa), 100 kg. bola (8 arroa).

18:00 Giza proba. 4 gizonezko 1.800 kiloko harriarekin. Partaideak: Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue, Iurgi Mendiluze Zuloaga eta Txomin Alkorta Sarriegi.
Ondoren, dema. Inaxio Telleria eta Jose Ramon Olazaranen idiak. 

Ekitaldiotarako izen ematea eta informazio gehiagorako: 
usurbilkultura.eus
943 371 999

Antolatzailea: Usurbil Herri Kirolen Taldea eragile gehiagorekin elkarlanean.