Merkataritza hizpide

Antton Bernal dentista: “Ohiko martxatik gertu gaude”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 11:20

Merkataritza hizpide izan dugu azken asteotan. Honakoan, osasun arloko profesional batzuengana jo dugu iritzi eske. Antton Bernal Hortz Klinikako dentistak adierazi digunez, asteotan "lan gutxiago eduki dugu baina, gaur egun, oso gertu gaude ohiko mailatik". 

NOAUA! Konfinamenduarekin itxi egin behar izan zenuten Usurbilgo Hortz Klinika. Zenbat denbora egon zineten lanera etorri gabe?

Antton Bernal Ruiz De Oña, Hortz Klinika: Kontsulta itxita egon zen hilabete eta erdi. ERTE bat egin genuen eta klinika itxita egon zen urgenteak ez ziren tratamenduetarako.

 

Baina larrialdiak atenditzeko aukera izan zenuten, ezta?

Bai. Larrialdi kontzeptuaren barruan min zorrotzak, infekzioak, odol jarioak eta traumatismo orofazialak sartzen ziren.

Larrialdia zen ala ez baloratzeko, nik neuk egiten nuen pazientearekin hitz egin ondoren.

ANTTON BERNAL, HORTZ KLINIKA

“Pazienteek ezin dute egongelan elkartu, eta garbitasun protokolo bat jarraitu behar dute sartzerakoan”

Segurtasun protokoloak jarraitu beharra daude jendaurrean aritzeko. Hortz kliniketan zer esanik ez. Zuen lanean zer nolako eragina izan du? Zuen lan egiteko modua asko aldatu behar izan al duzue?

Segurtasun protokoloak eskatzen du, bereziki, lan eta denbora gehiago. Zitak luzeagoak eta tarte handiagokoak.

Pazienteek ezin dute elkartu egongelan eta garbitasun protokolo bat jarraitu behar dute sartzerakoan (irakuzketak soluzio antiseptiko batekin egin behar dira, eta eskuetan gel desinfektantea erabili).

Garbiketa bereziak ere kontsultako altzariei eragiten die, ohiko esterilizazioaz aparte.

 

Badirudi normaltasun giro bat nagusitzen ari dela. Dena den, badago jende bat beldurrez dagoena oraindik. Zuek igarri al duzue? Lehen baino lan gutxiago duzue edo berdintsu al zabiltzate?

Normaltasun giroa atzematen da, gero eta gehiago, baina gaia oso presente dago pazienteen komentarioetan. Ea nola lan egiten dugun adibidez, galdera horiek ere ohikoak dira. Lan gutxiago eduki dugu baina, gaur egun, oso gertu gaude ohiko mailatik.

 

“Bonu guztiak saldu genituen oso denbora gutxian”

Udalak, kontsumoa sustatzeko xedez, ‘Gertuago’ kanpaina abiatu du. Zuek ere hartu duzue parte. Bonu salmenta nola joan da zuen kasuan? Eta kanpainak eman duenarekin pozik al zaudete?

Bonu guztiak saldu genituen oso denbora gutxian. Oso pozik gaude kanpaina honekin eta oso idea ona izan da jarduera komertzialak berpizteko eta herritarrei konfiantza emateko.