Merkataritza hizpide

Ekaitz Garmendia dentista: “Konfinamenduan erdizka utzitako lanei oraingo berriak batu zaizkigu”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 11:32

Konfinamendua amaitu zenetik hona, lan askorekin ibili dira Hortz Klinikan, “baina egoera lasaitzen hasi da”. Ekaitz Garmendia dentistak ere Gertuago udal ekimenean hartu du parte. "Oso kanpaina ona iruditu zait, herritarroi laguntzeko eta kontsumo lokala sustatu ahal izateko".

 

NOAUA! Konfinamenduarekin itxi egin behar izan zenuten hortz klinika.

Ekaitz Garmendia, Hortz Klinika: Bai. Dena den, larrialdi zerbitzua irekita mantendu da infekzioak eta abar atenditzeko, eta gure pazienteek ospitaleko urgentzia-baliabideak erabili ez ditzaten (kolapsoa ekiditeko eta kutsatze-arriskua gutxitzeko).

 

Segurtasun protokoloak bete behar dira jendaurrean aritzeko. Zuen lanean zer nolako eragina izan du honek?

Guk, berez, beti aplikatu behar izan dugu protokolo bat desinfekzio eta esterilizazio arloan. Beraz, aldaketa handirik ez dugu sumatu. Hala ere, hartutako protokoloak askoz ere zorrotzagoak dira orain Covid19aren eraginez.

 

EKAITZ GARMENDIA, HORTZ KLINIKA

“Covid19aren eraginez, segurtasun protokoloak zorrotzagoak dira orain”

 

Badirudi normaltasun giro bat nagusitzen ari dela. Dena den, badago jende bat beldurra gainetik kendu ezinik dabilena.

Denetarik ikusi daiteke, jende lasaia eta beldurrarekin jarraitzen duen jendea. Konfinamenduari aurre egin eta gero, nik uste nuena baino animatuago dago jendea. Tratamenduak egiten ari dira, eta ez premiazkoak direnak bakarrik. Orain lan askorekin ibili gara konfinamenduan erdizka utzitako lanei oraingo berriak batu zaizkigulako. Pixka bat lasaitzen hasi da egoera, hala ere. Abuzturako espero dugu lan guztia eginda uztea, ea horrela oporraldi bat egin dezakegun, atseden hartu eta pilak kargatu ahal izateko.

 

‘Gertuago’ kanpainan hartu duzu parte. Bonu salmenta nola joan da zuen kasuan?

Oso kanpaina ona iruditu zait, herritarroi laguntzeko eta kontsumo lokala sustatu ahal izateko. Eskertzekoa benetan horrelako ideiak izatea, eta negozio txikiei eman diguten bultzadagatik.

Oso harrera ona izan dute bai bezeroen bai komertzioen aldetik.

 

Argazkia: Ion Markel Saez de Urabain.