Merkataritza hizpide

Amenabar farmazia: “Bi txanda ezarri genituen, kutsatzeak ekiditeko”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 11:38

Garai zailak izan dira denentzat. Baita farmaziaren bestaldean lanean aritu behar izan duten profesionalentzat. Gauzak baretu direla dirudi. “Jendea lasai gerturatzen da orain. Ez dugu beldurra nabaritzen, ez behintzat martxoan eta apirilean bezala”, Laida Amenabarrek aitortu digunez.

NOAUA! Konfinamendua ezarri zenean, horniketa arazoak zeuden farmazia askotan. Zuek ere antzeko egoera bizi izan al zenuten?

Laida, Amenabar farmazia: Farmazia guztietan bezala, hornidura arazoak izan ditugu. Zorionez, laborategi esterila dugunez, gure gel hidroalkoholikoak formulatu ahal izan ditugu eta maskaren aldetik ez dugu hornidura faltarik eman. Hala ere, badaezpada familiako kopuru murriztu bat egokitu genuen familia guztietara iritsi ahal izateko, ez baikenekien noiz arte luzatuko zen egoera hau.

 

Produkturen bat agortu al zitzaizuen?

Termometro digitalak eta infragorriak, adibidez. Gelak formulatzeko garaian ere, alkohola eta ontziak aurkitzeko arazoak izan genituen eta baita eskularruak ere.

 

Konfinamenduarekin segurtasun neurriak ezarri ziren. Distantzia errespetatu, aforoa mugatu, maskara jarri... Jendeak zer moduz hartu ditu neurriok?

Egia esan, bai distantziak eta bai aforoak oso ondo errespetatu ditu jendeak. Maskarak agian hasieran ez zituzten denak erabiltzen, baina momentu honetan esan dezakegu farmaziara sartzen diren guztiek erabiltzen dutela. Maskara gabe sartzen dena, erosi behar duelako da.

 

Konfinamenduak lan gehiago ekarri du sektore askotara. Zuen kasuan ere, pentsatzen dugu ordu gehiago sartu behar izan dituzuela. Gauzak orain normalizatzen hasi  direla esan al daiteke?

Bai, alde batetik  jende gehiago hurbiltzen zelako farmaziara normalean baino,  eta ilarak egiten ziren. Bestetik, farmazian bi txanda ezarri genituen batak bestea ez kutsatzeko, eta edozer pasata ere, farmaziak lanean jarrai zezan.

Honek ere, lana areagotu zuen lan talde erdiarekin egin behar genuelako lan.

Asko eskertzen dugu jendeak eduki duen pazientzia eta eman dizkiguten eskerrak eta animoak.

Orain, farmaziako mostradoreko lana normaldu da jada. Baina bestalde, laborategiko lana asko igo da. Konfinamendu garaian jendea ez da medikura hainbeste hurbildu eta momentu hartan izan ez genituen formula magistral guztiak orain iristen ari dira.