Merkataritza hizpide

Iturralde farmazia: “Garai zaila pasa dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 11:44

“Hiru hilabetez etxean egon den hori ere hasi da agertzen. Baina ardura handiarekin”, adierazi digu Tomas Iturraldek. "Jende heldua bereziki oso kontzientziatuta dago. Jende gaztea akaso ez".

NOAUA! Konfinamendua ezarri zenean, horniketa arazoak egon ziren farmazia askotan. Zuek ere antzeko egoera bizi izan al zenuten?

Tomas, Iturralde farmazia: Bai, dudarik gabe. Lehen hilabetean ez maskararik, ez gelik, ez eskularrurik... Ezer ez. Gauza da Administrazioak konfiskatu egin zuela dena. Guk genuen ordena zen geneukan material guztia  Administrazioaren esku utzi behar genuela. Nahiz almazena gurea izan, nahiz eta materiala erosteko aukera izan, dena konfiskatuta geneukan. Hilabete egon ginen ezer gabe. Gelak guk egiten genituen baina alkohola ere agortu egin zitzaigun. Guk gure existentziak bagenituen eta horrekin moldatu ginen gela prestatzeko hemen.

Guk jendaurrean seguru aritu ahal izateko, maskarak ere beste bide batetik lortu behar izan  genituen.

 

Egoera zaila pasa duzue.

Oso zaila. Administrazioak konfiskatu egin zituen maskarak baina ez zuen oso argi esaten  kalerako maskara behar ote zen. Ez zegoenez, ez zen argi esaten. “Behar da baina ez dago” esango balute, alarma handiagoa piztuko zelako.

 

TOMAS ITURRALDE FARMAZIA

“Administrazioak dena konfiskatu zuen: maskarak, gela, eskularruak... Hilabete egon ginen ezer gabe”

 

Konfinamenduarekin protokolo bat ezarri zen. Bezeroek zer moduz hartu dituzte segurtasun neurriok?

Oso ondo. Hasieran banaka atenditzen genuen. Jendeak kanpoan geratu behar zuen zain baina pazientziarekin eraman dute egoera.

 

Konfinamenduarekin lan-bolumena handitu egin al zaizue?

Beste martxa batean lan egin dugu.

 

Gauzak normaltzen hasi direla dirudi.  Jendea lasaiago hurbiltzen al da farmazietara?

Jendea mugitzen hasi da. Helduak ere bai. Hiru hilabetez etxean egon den hori ere hasi da agertzen. Baina ardura handiarekin. Jende heldua bereziki oso kontzientziatuta dago. Jende gaztea akaso ez.

Oraingoz errespetatzen dira neurriak. Maskara  nahitaezkoa da eta, hala ere, baten bat sartzen da gabe. Baina kasu gutxi dira.