'Izan bidea' kanpaina

Zubietako buelta, euskal presoen eskubideen alde

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 12:52

Sare taldeak Zubietako buelta osatzeko deia egin du larunbat honetarako. 'Izan bidea' kanpaina aurkezteko baliatuko dute ibilaldia. Aitor Landaluze Sare Usurbil taldeko kidea da eta larunbateko ekitaldiaz nahiz euskal presoen egoeraz jardun dugu berarekin.

NOAUA! Usurbil eta Zubieta lotuko dituen martxa bat antolatu duzue larunbat honetarako.

Aitor Landaluze, Sare: Usurbilen Sare taldea dago eta saiatzen gara Sareko dinamikak eskualdean garatzen. Orain Izan Bidea  kanpaina ari gara bultzatzen. Bi urteko egitasmoa da.

 

Zein da ekimenaren helburua?

Azken urteotan, gure mezua zabaltzen aritu gara gure ikuspegia ez zuen jendearen artean. Preso guztientzat eskubide guztiak, labur esanda. Pixkanaka-pixkanaka sare bat osatu da eta orain sare hori aktibatu nahi dugu.

 

AITOR LANDALUZE, SARE

“Larunbat honetan, arratsaldeko 17:30ean abiatuko gara

Mikel Laboa plazatik. Trikitilariek girotuko dute ibilaldia”

 

Presoen egoeraren berri eman nahi duzue gizarte mailan.

Bai, presoen egoera ez baita asko aldatu azken urteotan. Berdin jarraitzen dute, salbuespenezko legedi batekin eta horrek suposatzen duen injustizia guztiarekin. Gizarte mailan ordea, salbuespenezko egoera hori ez da ikusten. Ez gizarte mailan ezta politikoki ere. Ematen du salbuespenezko egoera hori baliatzen ari direla zigor kode gisa, eta guk dinamika horrekin hautsi nahi dugu. Adibide mila ditugu: larriki gaixo dauden presoak, edade altuko presoak edota motxiladun umeak, besteak beste. Egoera horiek guztiek berdin jarraitzen dute eta Covid19 birusaren kontu honekin gainera, ikaragarri larritu dira.

 

‘Izan bidea’ kanpainarekin jendea mobilizatu nahi duzue. Zertan datza?

Euskal Herriko biztanle bakoitzeko kilometro bat egin nahi da. 3 milioitik gora kilometro osatu nahi ditugu guztira. Horretarako ekimenak antolatuko ditugu, eta mugimenduaren bidez –korrika, bizikletan, dantzan eta asmatzeke dauden euskarrien bidez– hauxe adierazi nahi dugu: egoera honi soluzio bat eman behar zaiola.

 

Ekimen horietako bat izango da larunbat honetakoa: Zubietako buelta osatzea. Beste herri batzuetan aldiz, bizikleta-irteerak edota mendi martxak iragarri dituzte.

Hori da.

 

Herriz herri, denen artean kopuru hori osatzea da ‘Izan bidea’ kanpainaren asmoa.

Aplikazio bat sortu da propio, denon artean eginiko kilometro horiek guztiak bilduko dituena.

Ekimen hau Usurbilen aurkezteko asmoz, Zubietako buelta osatuko dugu. Larunbat honetan, arratsaldeko 17:30ean abiatuta. Gure kasuan, ‘Izan bidea’ ekimena Motxiladun umeekin lotu nahi dugu. Herri honetan bizi dugun errealitate bat hori delako. Xua dugu Usurbilen; kartzelatik atera zenetik behin bakarrik ikusi ditu gurasoak. Eta Xuaren amak, Olatz Lasagabasterrek, data hauetarako espero du bigarren umea.

 

Nondik abiatuko da larunbateko ibilaldia?

Arratsaldeko 17:30ean abiatuko gara Mikel Laboa plazatik. Kalezarrera joko dugu, handik Troiara... Zubietako buelta osatuko dugu, azken batean. Eta itzuli, Santuenetik barrena itzuliko gara.

 

Familia giroko plana dirudi.

Bai, asmoa hori da. Trikitilariek girotuko dute larunbat honetako ibilbidea.