Koronabirusa

Martxoaz geroztik 17 kasu diagnostikatu Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 11:36

Osasun Sailak covid19-aren bilakaerari buruz eskaintzen duen informazioa eguneratu du gaur. Gorantz egin dute kasu kopuruak azken egunotan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan maiatza hasierako datuetara itzuli gara. Azken egunotan inguruko udalarri guztietan diagnostikatu dituzte kasu berriak, Usurbilen izan ezik. Gaurko Osasun Sailaren txostenak kasu diagnostikatu berri bat zenbatu du udalerri honetan, martxoaz geroztik hamazazpigarrena. 

 

Covid19-a gure artera heldu eta herriz herriko eguneroko jarraipena egiten hasi zirenetik, 17 dira Usurbilen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur arte zenbatu dituen koronabirus kasuak. Hamazazpigarrena gaur kaleratu duen txostenean. 

Inguruko udalerri guztietan diagnostikatu dituzte azken egunotan kasu berriak gaur arte; Usurbilen izan ezik. Martxoaz geroztik honenbestez, 17 dira Usurbilen covid19-a diagnostikatu dioten herritar kopurua. 

Dakizuen moduan, Usurbil eta Lasarte-Oria osasun eskualde berean bilduak ditu Osasun Sailak. Osasun eremu honen datuak ere egunero eskaintzen ditu; martxoaz geroztik 75 dira Lasarte-Usurbil eremuan covid19-a izan duten herritarrak. 26.512 biztanle batzen dituen ingurune honetan, 100.000 biztanleko 282,9koa diagnostikatze tasa du. EAE osoko baxuenetarikoa, Pasai San Pedro (292,1) edota Oiartzunekin (284,8) batera. Azkoitian (200,9) eta Azpeitian (120) dute tasa baxuena. Altuena Abetxukok (2186,9), Bilboko Alde Zaharrak (2160), San Martinek (2543,8), Txurdinagak (2234,1).

EAE-ko datu orokorrei erreparatuta, maiatza hasierako zenbakietara itzuli gara. Gorantz doaz berriz diagnostikaturiko kasuak. Puntu bakarraren azpitik behar lukeen birsorkuntza tasa ia 2 puntura heldu zen hilabete hasieran, gaur 1,54an dago. 

Atzo pertsona bat hil zen, "azken 60 egunetan PCR positiboa izan duen pertsona da". Covdi19-a izan edo egun duten 4 pertsona daude ZIU-n. Atzo 4.815 proba egin zituen Osasun Sailak; 4.425 PCR eta 390 test azkar. PCR bidez 58 kasu berri diagnostikatu zituzten, gehienak, 31 Gipuzkoan. "Test azkarraren" bidez 21 kasu antzeman zituzten. Gaixotu ostean PCR negatiboa izan muten 13 lagunek eta beste 4 lagunek jaso zuten ospitaleko alta. 

Aldaketak informazioa emateko moduan
Datuak emateko modua aldatzea erabaki du Osasun Sailak, bihartik (uztailak 17) aurrera. Asteburuetan ez du informaziorik eskainiko; asteburuetako datuen berri astelehenetan emango dute aurrerantzean. "Honez gain, astean behin txostena gaur arteko formatuan argitaratzen jarraituko da. Asteazkenetan izango da, aurreko asteko astelehenetik iganderako informazio guztia kontuan hartuz", Osasun Sailak ohartarazi duenez. Gainerakoan, astelehenetik ostiralera, orain arteko informazioa eskaintzen segi asmo dute.

"Koronabirusaren egoera epidemiologikoari buruzko informazioa era laburtuan emango da, ezinbesteko informazioa mantenduz. Egunero argitaratuko da bezperan egindako PCR proba kopurua, positibo izandako kasuen kopurua eta kasu horien banaketa herrialde historikoka, udalerrika, osasun-zentroka, baita sexu eta adinaren araberako banaketa ere. Egunero emango da ezagutzera, aldi berean, bezperan Koronabirusa dela eta izandako ospitaleratze berrien eta ZIUn izandako ospitaleratze berrien kopurua".