Beterri-Buruntza Mankomunitatea osatzeko estatutuen lehen onarpena bideratu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 17a, 14:05

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerriak Mankomunitate propioa izatetik hurbilago daude; bide luze horretan urrats berria eman dute egunotan. Mankomunitatea osatzeko estatutuen lehen onarpena bideratu dute Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. 

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkariek, uztailaren 13an Hernanin eginiko eskualdeko bileran, aurreko legealdian sei udalerriotako udalbatzarrek hartutako konpromisoa berretsi eta Beterri-Buruntzaren tokiko garapen ekonomikoa eta sozialerako Mankomunitatea eratzeko parte hartze prozesuan urrats berri bat eman zuten; estatutuen lehenbiziko onarpena bideratu zuten, behin-behinekoa. Alegazioetarako epea zabalduko da, eta gero sei udalbatzarrek behin betiko onartu beharko dituzte.

Toki-erakunde berriak “Beterri-Buruntza Mankomunitatea” izena izango du eta Hernanin kokatuko da legezko helbidea. Funtzionamendu deszentralizatua izango du, baina udalerri bakoitzak administrazio-leihatila bana ordezkatua izango du. “2017tik udalen arteko lankidetza-hitzarmen bidez funtzionatzen duen egiturari sendotasun juridiko eta administratiboa eskainiko zaio tokiko garapenaren eta sustapen ekonomiko eta enpleguaren eremuan lanean jarraitzeko”.

"Herritarren ongizatea hobetzeko helburuak lehenesten dira"
Estatutu berriek aipamen berezia egiten diote covid19-aren ondorioei aurre egiteko ehun ekonomikoa berrindartu eta etorkizuneko erronkak elkarrekin lantzeko une estrategikoari. “Mankomunitatearen jarduerak ere islatzen ditu, betiere, udan eskumenetatik eratorritakoak izango direnak eta baliabideak elkarrekin kudeatuz, Mankomunitatea osatzen duten udalerrien sustapen eta garapen ekonomikorako eta finean, herritarren ongizatea hobetzeko helburuak lehenesten dira: giza garapen jasangarria erraztuko duten jarduerak proposatzea eta sustatzea, eta horien bidez, ingurumena errespetatu, sozialki arduratsua den jarduera ekonomikoa sustatu eta herritarrak partaide sentituko diren prozesua eskaintzea. Maila zehatzagoan orain arteko enplegu sustapena, ekintzailetza eta enpresa zerbitzuak ere jasota gelditzen dira”.

Hasieraz onarturiko estatutuok ere baliozkotzat jotzen dute "jarduera hauen guztien bizkardura eta bisioa eskualdeko  Garapen Sozioekonomikorako Planean jasota egoteko aukera". Horrekin batera, sei udalerriek emandako urrats berri honekin "eskualdea osatzen duten ehundura produktibo, sozial eta kolektiboekin batera, sektore guztiekin eta publikotasunaren arduraz, Beterri-Buruntza eskualde kohesionatuagoa lortzeko egitura ezezik, helburu konpartituak lortzeko baliabide egokiak izatea ere aintzakotzat hartzen da. Etorkizunera begira eskualdeko eragile eta herritarren ongizaterako , orain arteko adostasuna eta elkarlanaren balioak indartzeko konpromisoa hartu da estrategia berriak landu eta erabakiak hartzeko gobernantza eredu kolaboratiboan pausu sendoak emanez".