Parkeak eta plazak hutsik eta isilik, Udajolasik gabeko lehen egun honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 20a, 10:02

Goizeko 9:30ak pasatxoan Kaxkoak zuen itxura duzue ondoko irudiotan. Haur eta gurasoen joan etorriak ikusi behar genituen unean, kaleak eta plazak hutsik, isilik. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak asteburuan ezustean eta bapatean agerraldi bidez udalekuak bertan behera uztea agindu ostean, Udajolasik gabeko lehen astelehena dugu gaurkoa. 

Askatasuna plazako parke eremua, frontoia, Mikel Laboa plaza... Kaleak eta plazak hutsik, isilik gaurkoan, uztaileko astelehen bat izan arren. 9:30ak pasatxoan Kaxkotik osteratxoa egin eta apenas zebilen inor kaletik, denda guneetan edo terrazaren batean ez bazen. 

Eta hau albiste dugu gaur; ordu horretan, guraso eta haurren joan etorriek hartu behar baitzuten Kaxkoa. Eta gero lau orduz, egunero moduan uztailaren 30era arte, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolaseko dinamikez gozatu behar zuten 4-12 urte arteko 140 haur eta gaztetxoek eta haien begiraleek. Gaurtik aurrera ordea ez da halakorik izango.

Hartu diren prebentzio neurri zorrotzak, talde txikiak osatu eta bereizi eta dinamika oso bat bizi dugun osasun krisialdira egokitzeko eginiko ahalegina, ez da aski izan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarentzat. Udalekuak bertan behera uztea agindu zuen larunbatean; etxean isolatuta igarotako konfinamendu aste gogorren ostean haurrek behar zuten Udajolas ere etenda geratu da. 

"Urpekakariak" ikuskizuna ere bertan behera
Udajolasekin batera, asteazkenerako (uztailak 22) iragarria genuen "Urpekakariak" ikuskizuna ere bertan behera utzi behar izan dugu. Beste urteetan, ekainean antolatu izan dugun Plis Plas Txalo eta Jolas ekimena ere bizi dugun ezohiko testuingurura egokitzeko prest genuen. Ekainean, ohiko datan ezin izan genuen antolatu, eta Udajolasen baitan ospatzea erabaki zuen NOAUA! Kultur Elkarteak. Asteazken honetarako (uztailak 22) bi saio genituen programatuak goizeko 10:00etan eta 11:30etan. Udajolaseko parte hartzaileek izan behar zuten lehentasuna. Haurrei zuzenduta Aissa Intxaustik, Arrate Sololuzek eta Eneko Intxaustik eskaini behar zuten bertso antzezlana ordea bertan behera utzi behar izan dugu, Udajolasekin batera.

Eguneko Zentroa itxita, Kiroldegiko ikastaroak bertan behera
Covid19-az diagnostikaturiko kasu kopuruaren gorakada aintzakotzat izanda, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri iragarri zituen bapatean eta agerraldi bidez; zentro soziosanitarioei dagokienean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, Eguneko Zentroak ixtea eta adinekoen egoitzetan egoiliarrei irteerak murriztu eta bisitak mugatzea. Usurbila etorrita, Eguneko Zentroa ixtea erabaki zuen Udalak.

Jaurlaritzak Euskadiko Udalen Elkartekin (Eudel) batera bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalekuak bertan behera uztea erabaki zuten. Honenbestez, eta pena handiz, Usurbilen Udajolas ere bertan behera utzi behar izan dugu. Udalak Kiroldegian egunotan egitekoak ziren ikastaroak ere eten egin ditu. “Abuztuan ere eskaintzekoak ziren ikastaro horiek, baina egoeraren arabera baloratuko dute eskaini edo ez”, ohartarazi du Udalak.

Neurriok prentsaurreko bidez iragarri zituen larunbatean Nekane Murga Jaurlaritzako osasun sailburuak. "Prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa" aurkeztu ditu erabakiok. "Datozen egunetan berrikusiko dira", iragarri zuen.